20 langabe kontratatuko ditu Arrasateko Udalak, tartean sei herritarren laguntzaile

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko urr. 13a, 18:18
Herritarren laguntzaileak, 2021eko urtarrilean.

2021eko enplegu planaren baitan, sei herritarren laguntzaile, erreka eta natura guneetako lau langile, hiru lorezain, lau garbitzaile, Euskaltegiko Moodle plafatormaren kudeatzaile bat, turismo arloko teknikari bat eta Udaltzaingoaren Gestiti programaren doikuntzarako teknikari bat kontratatuko ditu Udalak.

Bi programatan banatzen dira hogei kontratazioak. Batetik, Enplegua Sustatzeko Toki-Ekintzak 2021 programaren baitan, hamazazpi kontratazio egingo dituzte, 30 urtetik gorakoei zuzenduta:

  • Erreka eta natura guneen mantenurako langileak: 4.
  • Herritarren laguntzaileak, kalean informazioa emateko eta elkarbizitza gaiekin laguntzeko herritarrei: 6.
  • Herriko lorategi publikoetan hobekuntzak egiteko lan taldea, ohiko mantentze lanak errazteko: 3.
  • Udal eraikinen garbiketa bereziak egiteko lan taldea COVID-19ren ondorioz sorturiko garbiketa beharrei erantzuteko: 4.

Kontratatuko diren guztiak langabeak izan behar dira eta bost hilabeteko kontratuak eskainiko zaizkie. Lanbidek hala ezarrita, hautatutakoen artean, gutxienez ondoko multzo berezietako kupoak bete beharko dira: 55 urtetik gorako bi pertsona, sei emakume, eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren bost pertsona.

30 urtetik beherakoendako, hiru kontratazio

Bestetik, gazteak kontratatzeko laguntza programaren baitan, hamabi hilabeteko hiru kontratazio egingo dituzte, 30 urtetik beherako langabeei zuzenduta: Arrasateko turismo planaren lan ildoak garatzea eta Lezetxikiko erakusketaren aurkezpena egiteko teknikaria, Arrasateko Udaltzaingoaren Gestiti programaren doikuntza egiteko teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.

Hautaketa irizpideen artean, honakoak lehenetsiko dira, ordena honetan: DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak izatea, 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak, eta baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

Izen-ematea, zabalik

Lanbideren webgunean egin beharko dira eskaerak. Lehen programari dagokionez, gaurtik urriaren 21era arte egongo da izena emateko aukera eta abenduaren 31 baino lehen kontratatuko ditu Udalak. Gazteen programan izena emateko aukera "laster" argitaratuko dute, izan ere, azaroaren 30a baino lehen kontratatzea da asmoa. 

Enplegu planaren zati handi bat

Zortzi lerro dituen planaren baitan, herriko langabeen kontrataziora bideratuko du Udal Gobernuak zatirik handiena. Hau da, planak 753.688,13 euroko aurrekontua du eta 394.188,13 bideratuko dira lerro horretara, %52. Gainera, aurreikuspenaren arabera, Lanbidek, 280.019,76 euroko laguntza emango du eta Udalak jarriko ditu gainontzeko 114.138, 37 euroak. 

Beste lerroak hauek dira: Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak (87.500 €); Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako dirulaguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko dirulaguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekimenak (90.000); Ekintzailetzaren sustapena (60.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).

Informazio gehiagorako, hainbat bide

Lan deialdi bakoitzaren xehetasunak ezagutzeko edo informazio gehiago eskuratzeko Arrasate.eus-en, BAZ-en (Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea 8), 943 25 20 00 telefonoan edota baz@arrasate.eus-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak