Kamara hartu eta Euskal Herriko udazkeneko paisaiak, landa eremuak edota hiriguneak erretratuz biltzen aritzen diren arrasatearrek Udazkena Euskal Herrian lehiaketan parte hartzeko aukera dute jada. Zazpigarren urtez antolatu du ekimena herrigo Artgazki elkarteak, eta azaroaren 30a bitarte lehiaketak@artgazki.org helbidera bidali beharko dira sariketara aurkeztu nahi diren argazkiak; gehienez, hiru buruko.
Urtea amaitu aurretik egingo den sari banaketak garaikurra eta 300, 200 eta 100 eurotako sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren, epaimahaiak hautatutako hiru argazki onenek. Artgazkiren webgunean jada argitaratuta daude txapelketaren oinarri guztiak.
Sariketa soil bat baino gehiago
Bigarren urtez jarraian, baina, epaimahaiak bi ataza izango ditu; alde batetik, sariketa erabakitzea, eta bestetik, inprimatu eta Arrasateko komertzioetan jarriko diren argazki sortak erabakitzea. Izan ere, Udazkena Euskal Herrian argazki sariketa honetan aurkeztutako hainbat argazki salgai jarriko dira, bildutako dirua AERyOH edo Heredatutako Erreakitismo eta Osteomalazia Espaniar Elkarteari emanez.