Garaiako enpresak euren arteko harremanak estutzen ari dira

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 1a, 13:10

Parke Teknologikora batutako lau enpresak euren burua aurkeztu zuten astelehenean egindako topaketetan.

60 enpresa daude Garaia Parke Teknologikoan lanean, eta, guztien arteko harremanak estutzeko helburuarekin, topaketa egin zuten hilaren 27an. Bertan, Parkera batu diren azken zazpi enpresetatik lauk euren burua aurkeztu zuten Garaiako "enpresa beteranoen" aurrean. Idurre Albizu Garaiako negozio garapenerako arduradunaren arabera, halako elkarguneak garrantzitsuak dira; besteak beste, sareak ehuntzeko: "Garaiaren helburuetako bat bertan dauden enpresen artean harremanak sortzea da, eta baita elkarreraginak baliatuz aukerak sortzea ere".

Enpresa berrietako kideek ere Albizuk adierazitako hori bera nabarmendu zuten; adibidez, Excelencia-Tech enpresako Miguel Vanegasek: "Topaketek gure jarduna aurkezteko balio izan dute. Gainera, kontaktu pare bat ere egin ditugu. Ea hemendik zerbait irteten den".

Berriak eta askotarikoak

Aurrez aipatu bezala, zazpi dira Garaia aukeratu duten enpresa berriak; horietako bi dira Excelencia-Tech eta Daunert. Lehenengoak 3D inprimaketako irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen dizkie hainbat industria-sektoreri. Orain dela hiru hilabete hasi zuten Garaian euren lana, eta, enpresako kide Miguel Vanegasen esanetan, bezeroekin "gertutasuna" lortzea dago erabakiaren atzean: "Gure enpresarentzat oso garrantzitsua da honen moduko inguru industrial batean egotea".

Parkea, handitzen: enpresa berriak batzeaz gain, lehendik daudenak hazten ari dira.

Kataluniako Daunert enpresak, berriz, ehun urte baino gehiagoko esperientzia du makina-erremintaren esparruan, eta horrek ere "estrategikotzat" jo du Debagoienera etortzea. Igor Zabala ordezkariaren esanetan, Garaia leku aproposa da penintsularen iparraldean bulegoa jartzeko: "Irudi aldetik, dituen zerbitzuengatik eta, batez ere, kokapenagatik Garaia Parke Teknologikoa aukera ona iruditu zaigu".

Garaia, geroz eta handiagoa

Enpresa berrien etorrerak etorkizunera begira jartzeko aukera ere eman zuen asteleheneko topaketetan, eta negozio garapenerako arduraduna itxaropentsu agertu zen. "Gauzak gaur egun doazen moduan badoaz, Garaiak hazten jarraituko du. Ez bakarrik enpresa berriak sartzen ari direlako, aurrez zeudenak hazten doazelako baizik". Garaian dauden enpresek "geroz eta leku eta zerbitzu gehiago" eskatzen dituztela adierazi zuen Albizuk, eta horrek "kalitatezko enplegua" sortzen laguntzen duela gaineratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak