Euskal Mendizale Federazioaren selekzioarekin lehiatzen den Haizea Oses eskalatzaile arrasatearra zailtasun eskaladako Espainiako Kopako podiumaren gorengo koskara igo zen pasa den igandean. Zaragozako Climbat La Torre zentroan jokatu zen hirugarren eta azken proban garaipena eskuratuta kolkoratu zuen urrezko domina 18 urtez azpiko kategorian.
Azken garaikurrerako Lucia Miranda kataluniarraren, Lucia Sempere Valentziarraren eta Oses debagoiendarraren arteko lehia aurreikusten zen Aragoiko hiriburuan. Izan ere, azken probaren aurretik 34 puntuko aldea soilik zegoen hiru eskalatzaileen artean; 165 zituen bilduta Mirandak, 145 Osesek, eta 131 Semperek.
Erregulartasuna giltzarri
Ekainean Madrilen eta irailean Bartzelonan jokatutako lehen bi lehiaketatan bezala, Osesek ez zuen hutsik egin, eta podiumera igotzea lortu zuen Espainiako Kopako azken jardunaldian ere; zehazki, hirugarren izan zen txapelketako lehen proban, bigarren bigarrenean, eta txapeldun hirugarrenean, Sempere eta Martinez gaztelarraren aurretik. Probaz proba izandako erregulartasun horrek eman dio garaipena, hiru jardunaldietan podiumera igotzea lortu duen eskalatzaile bakarra izan baita.