Uda oparoa izan da Arrasateko xake jokalari gazteentzat. Uztailean, abuztuan eta irailean nazioarteko hiru txapelketatan eseri dira taularen aurrean; Espainiako adin taldetako txapelketan, Spilimbergoko (Italia) nazioarteko openean, eta Vioñoko (Kantabria) nazioarteko openean, hurrenez hurren.
Hiru lehiaketetan lortutako emaitzek, eta ondorioz, Nazioarteko Xake Federazioaren rankingerako bildutako puntuek, EAEko jokalarien artean lehen posturaino jauzi egiteko balio izan die Haizea zein Aritz Tornay-ri. Lehena emakumezkoen 18 urtez azpiko sailkapenean kokatu da lidergoan, Mencia Montes bizkaitarra baino 75 puntu gehiagorekin; aipatu behar, halaber, autonomi erkidegoko emakumezkoen ranking orokorrean hirugarren dela gaur-gaurkoz. Bigarrena, aldiz, Yaroslav Khoroshyk Gasteizen bizi den ukraniarrari aurre hartuta kokatu da sailkapenaren lehen postuan 14 urtez azpiko adin taldean.
Lehen 30en artean Vioñon
Emaitza guztien artean, goraipatzekoak dira Tornay anai-arrebek iraileko lehen egunetan Vioño de Pielagos herri kantabriarrean jokatutako Virgen de Valencia Nazioarteko Txapelketan eskuratutakoak. Izan ere, 105 lehiakideen artean 6 maisu handi eta 9 nazioarteko maisu biltzen zituen txapelketan 29. postua eskuratu zuen Haizeak, eta hurrengoa, berriz, Aritzek. Horrez gain, aipamen berezia eskuratu zuten bi jokalariek beraien mailan.