Elizondoko topaketan izango dira Arrasate Neska Gaztiak

Eneko Azurmendi 2021ko urr. 1a, 11:37
Neska gazteen lehen topaketaren prentsa agerraldia.

Urriaren 9 eta 10ean Euskal Herriko Neska Gazteen Baterajotzea egingo dute Elizondon, eta Arrasateko ordezkariek han izango direla iragarri dute. "Topaketa hauek Euskal Herriko neska gazte guztion elkargune izango dira, geldiezina izango den olatua sortzeko asmoz".

Ekainean abiatu zuten Baterajotzea eta orain arte "gelditu gabe" ari dira lanean. Orain, Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean egingo dituzten Baterajotze horietan, neska gazteek krisi anizkoitzari nola erantzun behar dioten hausnartuko dute, "neska gazte subjetu politikoa berrezaugarritzeko eta gure problematika propioak mahaigaineratzeko".

Nabarmendu dute "momentu berezian" datorrela baterajotzea. "Mundu mailako pandemia batek eztanda egin duen momentuan eta sostenga ezina den sistema oso bat inoiz baino ikugarriagoa egin denean, hain zuzen ere. Azken urte hauetan argi ikusi dugu sistema honetan bizitzak baino, kapitalaren interesak daudela zentroan eta eredu horrek bizitza bera erasotzen duela. Horregatik diogu hau ez dela osasun krisia, krisi sistemikoa baizik".

Era berean, neska gazteen prekarietatea "areagotu" egin dela salatu dute. "Herri mugimenduentzat antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea zaila izan da, sareak eta aliantzak ehuntzeko arazoak egon dira eta abar. Mugimendu sozial guztien eragin gaitasuna murriztuz, eta, orain indar guzti hori berpizteko unea heldu da".

Aurrera begirako erronkak zehaztera

Topaketaren helburu nagusia izango da mugimenduaren aurrera begirako erronkak zehaztea, "krisi anizkoitz honek neska gazteoi nola eragiten digun eta horren aurrean zein pozisio hartu nahi dugun izango dugu eztabaidagai, azken hau eztabaida zentrala izanik". Egitarauari dagokionez, askotariko hitzaldi eta tailerrak egongo dira aukeran, hala nola, ekofeminismoa, prekarietatea, zaintza lanak, sexualitatea eta abar(izen-ematearekin batera aukeratu beharko da). Bestalde, larunbat gauean aisialdi eskaintza egongo da askotariko sortzaileen eskutik eta hau ere izen-ematearekin batera aukeratu beharko da.

Izen-ematea zabalik dago

Azkenik, Baterajotzean izena emateko Euskal Herriko Neska Gazteak-en web orrian betebeharreko inkesta bat dago. Datu pertsonalak eta astebururako hautau beharreko hitzaldiak eta aisialdi eskaintzak aukeratzeko. Aldi berean, bonoak egongo dira, pasatu nahi diren egunen araberakoak. Informazio guztia webgunean dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak