Opera, zarzuela eta euskal kantak domekan Herriko Plazan

Hasier Larrea 2021ko urr. 1a, 18:00

Aitor Garitano tenore bergararra.

Ozenki elkarteak 'Lirika kalean' izeneko kantu emanaldia antolatu du etzirako, 19:00etan hasita.

2012an sortutako herriko operazaleen Ozenki elkartea ere hasi da, pixkanaka, publikoaren aurreko kontzertuak antolatzen. Manu Gallardok, Ozenkiko kideak, adierazi du azkenaldian Gabonetako gala egiteko aukera baino ez dutela izan, eta "gustu handiz" ibili direla urriaren 3ko gala lirikoa Ibai-arterekin eta Udalarekin batera aurrera ateratzen. Era berean, adierazi du Arrasate Blues jaialdiaren antzeko baldintzekin egingo dela ekitaldia: "Ikus-entzuleendako mahaiak eta aulkiak jarriko ditugu plaza osoan sakabanatu-ta, gerturatzen diren guztiek tokia izan dezaten".

Musikeneko hiru ikasle izango dira kontzertuko protagonistak: Aitor Garitano tenore bergararra, Estibaliz Arroyo soprano gasteiztarra eta Julen Garcia baritono bilbotarra. Gallardok aipatu du "ibilbidea oparoa garatzeko irteera-puntuan" daudela hiru abeslariak.Garitanoren esanetan, "aspaldi" ezagutzen dute hirurek elkar, eta oholtzara "banaka, binaka zein hirurak batera" irtengo dira. Arkaitz Mendoza piano-jolearen eta Josean Garcia zuzendari artistikoaren laguntza izango dute Pablo Sorozabalen, Jesus Guridiren edota Jazinto Guerreroren piezak interpretatzeko orduan.

Euria bada, Herriko Plazatik metro gutxira, San Juan Batailatzailearen parrokian egingo dute emanaldia, ordu berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak