Herritarren segurtasuna, trafikoaren segurtasuna, irisgarritasun ona edota oinezkoen zirkulazio egokia errespetatzeko, besteak beste, Arrasateko Udalak udalerriari egokitutako udal ordenantza arautzailea idazteko erabakia hartu du. Izan ere, gaur egungo osasun-krisiak eraginda ostalarien eskaera berriak atzeman dira bide publikoa mahai, aulki eta gainerako instalazioek okupatzeari dagokionez.
"Arazoak ekiditeko, eta ahal den neurrian, inplikatutako alderdi guztiak asetzeko" hartu da erabakia, Arrasateko Udalaren arabera. Eta helburua argia da: "Terrazak jartzea bezeroei zerbitzua aire zabalean emateko, baina kontuan hartuta espazio publikoaz gozatu behar duen herritarra, ostalaritza instalazio edo erabilera batek hura eragotzi gabe, eta are gutxiago oztopatu edo kaltetu gabe".
Ekarpenak egiteko aukera
Bide horretan, jadanik irekita dago Arrasateko Udalaren webgunean arau proposamenari ekarpenak egiteko aukera; urriaren 22 arte izango dute, zehazki, ostalari, kontsumitzaile zein herritarrek iritzia emateko beta.