'Carceles bolleras' filma proiektatuko dute urriaren 7an Kulturaten

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 29a, 11:15

Cecilia Montagut eta Katia Reimberg egileak lana aurkezten izango dira Emakume Txokotik antolatu den emanaldian. Dokumentala hainbat nazioarteko jaialditan egon da eta harrera oso ona izan du, 2018an estreinatu zenetik. Kulturateko areto nagusian izango da saioa, 19:00etan hasita.

"Cecilia Montagut zuzendariak, bere lehen film laburretatik, hetero-normatibitatearen eta arauz kanpoko sexualitateen arteko muga lausoa aztertu du. Bere film dokumentaletan bide horretatik jarraitzen du, hetero-patriarkatuaren hainbat alderdi erakutsiz eta emakumeen disidentzia-estrategiak bilatuz", azaldu dute Emakume Txokotik.

Hala, ikuspegi feminista batetik, emakume presoen errealitatera hurbiltzeko aukera ematen du filmak eta aurkezpenaren eta solasaldiaren bitartez, hausnarketarako tartea zabalduko da ostean.

Sinopsia

Andreak bidaia bat egin zuen drogarekin Argentinatik. Bartzelonako aireportutik kartzelara eraman zuten zuzenean. Katia bi urtez egon zen Martuteneko espetxean. Marta Dillon kazetari eta feministak hainbat urtez bisitatu zituen Buenos Airesko Ezeizako espetxean zeuden presoak, eta bere esperientzia Corazones Cautivos liburuan islatu zuen.

Kontakizun horiek, beste preso ohi eta ikertzaile batzuenekin batera, Cárceles Bollerasdokumentalaren parte dira. Dokumentalak emakumeen errealitatea erakusten du burdin sareen artean, eta genero-desberdintasunak espetxean bizi duten bizitza nola zeharkatzen duen erakusten du. Egoera horretan, desio lesbikoa espetxe-erakundearen aurkako erresistentzia bihurtzen da. Elkarrizketa hauen bidez, eskura ez dugun espetxe-unibertsoa berreraikitzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak