Nazioarteko Costa Quebrada karate txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan Santa Cruz de Bezanan, Kantabrian. 55 talde eta ehundaka karateka aritu ziren lehian; tartean, Saioa Karate taldeko kideak.
Lau izan ziren Soto de la Marina Polikiroldegian kimonoa jantzi zuten arrasatearrak, guztiak ere kumite modalitatean: Irati Izurrategi (-47 kg kategorian), Xavier Varteniuc (-57kg kategorian eta open mailan), Julen Bermejo (-57kg kategorian eta open mailan) eta Danel Izurrategi (-63 kg kategorian eta open mailan). Saioa Karate Taldeko arduradunek txapelketaren ''maila altua'' azpimarratu arren, karateka gazteek emaitza adierazgarriak lortu zituzten.
Hiru domina
Danel Izurrategi izan zen tatamitik sari esanguratsuenak etxeratu zituen kirolaria. -63 kg kategorian, podiumaren bigarren koxkara igotzea lortu zuen; Paul Fernandez kantabriarraren aurka finala galdu izanaren arantza, baina, open mailan kendu zuen, urrea kolkoratuz. Irati Izurrategik ere lortu zuen podiuma zapaltzea, finalaurrekoa Dora Arias txapelduna izango zen karateka asturiarraren aurka galdu ostean. Taldeka, 20. postua eskuratu zuen Saioa Karate Taldeak sailkapen orokorrean, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina banarekin.
Saioa Taldeko ordezkariek azaroaren erdialdean jokatuko den Euskadiko Karate Txapelketa dute begiz jota, eta datozen asteetan beste hainbat txapelketa lehiatuko dituzte, urteko zita garrantzitsu horretara sasoi punturik onenean heldu asmoz.