Hip hopa eta rapa oinarri dituen jaialdia, zapatuan, Arrasaten

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 27a, 13:30

Tatta eta Sierra, 'Progreso' abestiaren bideoklipean.

Gipuzkoan Gazte Tour jaialdia Arrasaten abiatuko da zapatu honetan, urriaren 2an. La Basu-k emango duen rap tailerraz gain, Dentso, Tatta, Mutiko, Shaolin Monkey, Anier eta Hard Gz artistak ariko dira. Sarrera doan izango da, eta gonbidapenak Gaztetxokoetan eta Gazte Bulegoan eskuratu ahal izango dira.

Alde batetik, hip hoparen hastapenak eta rap tailerra eskainiko du La Basu abeslariak, 16:00etan, Gaztegunean (Pablo Uranga kalea, 6). Doakoa izango da baina aurrez izena eman beharko da Gaztetxokoetan, Gazte Bulegoan edo udal webgunean.

Hip hoparen munduan murgildu eta grafitia, breakdance-a, turntablism-a, beatbox-a eta rapa izango dituzte hizpide saioan, eta rapean emakume izatea eta Euskal Herrian rapa euskaraz idazteaz ere ariko dira. "Rap kanta bat sortzeko metrikak eta trikimailuak azalduko ditugu, eta guztion artean bat idazten saiatuko gara".

Ondoren, 17:30ean, hasita, kontzertuak egongo dira Herriko Plazan. Lehenik, herriko artisten txanda izango da: Denso, Tatta eta Mutiko. Gero, 18:15ean, Shaolin Monkey igoko da oholtzara. 19:00etan, berriz, Anier eta 20:15ean, azkenik, Hard GZ. Eguraldi txarra egin ezkero, Amaia antzokian izango dira kontzertuak.

Herriko artistak, telonero gisa

Tatta, Mutiko eta Denso produktore/DJ-a Arrasateko eta Aramaioko 21 eta 22 urteko hiru gazte dira, 2017tik musika egiten ari direnak. "Hainbat lekutan jo dugu, besteak beste, Arrasate eta Debako gaztetxeetan. Estatuan, gure erreferentziak dira Aiman jr, Dano, Chill Mafia, Nickzzy eta abar. Nazioartean, berriz, Lil Peep, Lil Skies, Post Malone, Travis Scott eta abar. Trap/rap musika egiten dugu eta, etorkizunari begira, musikaren industrian presentzia handiagoa izan eta kontzertu gehiago egin nahi genituzke", nabarmendu dute. Era berean, hainbat kolaboratzaile izango dituzte: Fane, Sierra, Pxli eta Ekso.

Gero, artista ezagunagoak

Shaolin Monkeyk hainbat single atera ditu eta 2019an Coto de Caza lana aurkeztu zuen. "Bartzelonako MCak bere oihartzuna eta jarraitzaile kopurua nabarmen handitzea lortu du pixkanaka, sare sozialek bere lanen berri eman baitute; horrela, ikusgaitasuna lortu du eta jarraitzaile askoz gehiago izatea ere bai. Haren mezuak, benetako estiloak eta egiten dituen ikus-entzunezko lanen kalitateak bermatzen dute oihartzun hori".

Anier artistarenak dira, bestalde, gaur egungo hip-hop panoramako "kanta onenetako" batzuk: Fuego a tregua, Carnaza, Caballo dopados, Siéntelo, Náufragos edo Oasis. Bere ibilbide artistiko-musikalak hiru urte besterik ez ditu, baina ikustaldi asko dituzte bere bideoek.

Hard GZ artistarena izango da kontzertu nagusia. Pedro Ruibal 1995ean Vigon jaiotako galiziar raperoa da. Coruñan hazi zen, 14 urterekin bere lehen estudioa sortu zuen etxean, eta Urban Style Crew bandan hasi zen rapeatzen, DJ, MC zein grafiteroz inguratuta. Gero, La Utopía del Norte zigilua sortu, eta ia hamar urtez aritu zen lanean. "Urte gutxiren buruan, hip hop panoramako artista garrantzitsuenetariko bat bihurtu da; fenomeno biral horrek, gainera, soinu hutsa gainditzen du".

Arrasate, lehen geltokia

Ekimena Arrasaten abiatuko da, eta Zumarragan, Andoainen, Hondarribian, Eibarren eta Errenterian egingo du geldialdia gero. Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, 12 eta 25 urte arteko gazteentzat "aisialdi aktibo eta parte-hartzaile segurua" antolatzearen aldeko apustua egin dute, "behar diren prebentzio-neurri guztiak bermatuz". Era berean, adierazi du azken helburua konexio-sareak sortzea dela, "harremanak izateko, lankidetzan aritzeko eta balioak trukatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak