Ez dute besteen beharrik errugbi taldea osatzeko

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 25a, 09:58

Arrasateko jokalariak, elkar besarkatuta, partiduko gorabeheren gainean berbetan.

Iaz, pandemia tarteko, Arrasatek eta Ordiziak indarrak batu behar izan zituzten Euskadiko Ligan jarduteko. Taldea utzi zuten jokalari gehienak bueltatu egin dira ostera ere, eta hilabete daramate denboraldiaurrea prestatzen.

Ez dute besteen beharrik. Arrasate Rugby Taldeko senior mailan ostera ere 30 jokalari inguru batu dira, eta horrekin egingo diote aurre denboraldiari. Izan ere, iaz, kutsatzeak saihesteko, askok errugbia baztertzea erabaki zuten: "Pentsa, berdegunean 30 jokalari batzen dira partidu batean –15 talde bakoitzeko–, eta ordezkoek ere jokatzen dute. Batek positibo emango balu, denek egin beharko lukete koarentena, eta errugbia, gainera, kontaktu fisiko handiko kirol jarduera da, nahiz eta aire zabalean egin. Hori ikusita, askok errugbia baztertzea erabaki zuten, eta horretxegatik batu ginen ordiziarrekin", azaldu du Barrutiak. Egoera hori gaindituta, gehienak taldera batu dira ostera ere: "Hilabete daramagu entrenatzen, eta, egia esan, badugu non lan egin", dio, barrez. Izan ere, urtebete berdeguneetatik urruntzea denbora luzea da. "Eta fisikoki asko igartzen da hori. Orain, 30 jokalari inguru izango gara taldean; badirudi asko dela, baina ez, nahiko justu ibiliko gara. Hala, taldearen ateak zabalik daude kirol hau probatu gura dutenendako".

Hamar talde multzoan

Arrasatearrek urrian hasiko dute liga –asteburuan Elorrion izango dute lagunartekoa–, eta Ohorezko Mailatik jaitsi berri den La Unica talde nafarra izango da nobedade bakarra: "Guk liga jokatu genuen iaz, baina ez zuen txapelketa izaerarik izan, ez zen ezer jokoan egon, helburua gehiago zen errugbian jokatzen jarraitzea. Goian, berriz, jaitsierak eta igoerak izan ziren, eta orduan galdu zuen kategoria La Unicak.

Neskek Ordiziarekin osatuko dute taldea

Arrasate Rugby Taldearen beste nobedadeetako bat da iaz entrenatzen ibili ziren neskek taldea osatuko dutela. Eta horiek bai, ordiziarrekin batera batuko dituzte indarrak: "15eko errugbian jokatuko dute, eta Arrasatek 15 jokalari inguru ditu. Hala, ordiziarrekin batera 30etik gora izango dira, eta kopuru polita da hori", adierazi du Barrutiak. "Baina hor ere ateak zabal-zabalik daude, bailarako neskek orain badute errugbian jokatzeko aukera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak