Sexu esplotazioari buruzko mozioa betetzea eskatu du Ezker Anitzak

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 22a, 13:13

Irailaren 23a sexu esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren aurkako eguna dela eta, Ezker Anitza-IUren Arrasateko Batzarrak eskatu dio Udal Gobernuari 2016ko uztailean gai horri buruz onartutako mozioa bete dadila.

Mozio horrek gizartean errotuta dagoen "salerosketaren arazo larriari" aurre egiteko zenbait konpromiso jasotzen zituela azaldu du alderdiak. "Hala, azken bost urteetan Gipuzkoan ehun emakume baino gehiago esplotatu dituztela baieztatzen duen txosten bat argitaratu berri da".

Gaineratu dutenez, ez da garatu salerosketaren arazoa agerian uztea ahalbidetzen duen neurririk, mozio horretako bigarren puntuan onartu zen bezala. "Eta ekintza gabezia hori ulertezina da, batez ere, COVID-19ak eragindako mundu mailako krisi testuinguru batean; krisiak herritarren zati handi baten ahultasun-egoerak areagotzen lagundu du, eta, beraz, premiazkotzat jotzen dugu delitu-sare eta erakundeen negozioen aurka neurriak hartzea, emakumeak eta neskatoak sexualki esplotatzea dakarren arriskuari aurre egiteko".

Onartutako mozioan honako hau erabaki zen:

  • Arrasateko Udalak bat egiten du prostituziora bideratutako emakumeen eta haurren trafikorik gabeko hirien sarearekin.
  • Arrasateko Udalak aldizkako kanpaina bat diseinatuko du herritarrak sentsibilizatzeko eta prostituzioa, emakumeen genero-indarkeria eta sexu-esplotazioa berdinak direla ikusarazteko.
  • Arrasateko Udalak ez du inolaz ere prostituzioaren negozioan aritzen diren lokalak edo klubak irekitzea erraztuko.

Hori dela eta, ezkerreko alderdiak nabarmendu du "esplotazio egoera hauen aurrean" ezin dela onartu "ez gizartearen permisibitatea ez pasibotasun instituzionala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak