Arrasateko Sare herriko 31 eragileekin batu da eta biharko mobilizazioen berri eman die

Maider Arregi 2021ko ira. 17a, 21:14

Arrasateko Sare herriko 31 eragiletako 140 kiderekin batu da, eta martxa bertan behera uztearen arrazoien inguruko azalpenak partekatu ditu. "Erabaki zaila" izan dela adierazi duten arren, biharko mobilizazioen berri ere eman die eragileei.

"Unai etxeratzeko bidea gara dinamikaren baitan hilabeteak eman ditugu lanean herriko eragileekin, eta oso garbi daukagu martxa bertan behera gelditu arren, presoen egoera lehen lerroan jartzea lortu dugula gure herrian eta Euskal Herri osoan. Era berean, garbi utzi nahi dugu hau ez dela atzera pausua, ekintza biderkatzailea baizik, elkartasun martxa ehunka kontzentrazio bilakatuko delako", adierazi du ohar bidez Arrasateko Sarek. 

"Lan handia egin dugu, Unairi eta beste euskal presoei aplikatzen dieten salbuespeneko espetxe politika gizarteratzea lortu dugu, presoen eskubideen alde askotariko eragileen babesa lortu ere bai, presoen gaia mahai gainean jarri dugu. Orain herritarron esku dago aldarrikapen hauek ozen zabaltzea".

Hala, martxa bertan behera utzi duten arren, bi ekimenen berri eman dute: "Sarek Euskal Herriko hainbat herritan egindako deialdiaren baitan, 12:00etan agerraldi jendetsua burutuko dugu Monterronen. 19:00etan, berriz, Biteritik abiatuta, manifestazioa, hemen gauden eragile guztien babesarekin".

Sarek gaineratu du ez dutela eskaini nahi izan "hainbat sektorek bilatu nahi izan duten konfrontazioaren argazkirik" eta  Sareren lana beti izango dela "euskal presoen eskubideen aldeko askotariko indar eta jendartearen aktibazioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak