Kimuak egitasmoari aitortza
Jaialdiaren programazioan parte hartuko duen baina Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian egongo ez den beste ekoizpen bat Heltzear da. Mikel Gurrea donostiarrak zuzendu du Haizea Oses Arrasateko eskalatzailea protagonista duen film laburra. Zabaltegi-Tabakaleran emango da, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu ondoren. Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen zinemagile donostiarra, eta indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorioa kontatzen du. Aurtengo Kimuak katalogoan dagoen filmetako bat da Gurrearena Euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko aitortza da Zinemira Saria, eta aurten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatzen duen Kimuak euskal film laburrak babesteko programa omenduko du irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian.
Goiena, Zinemaldian
Imanol Gallego izango da aurten ere Donostia Zinemaldian Goienako berriemaile. Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan eskainiko dituzte erreportajeak irailaren 22an eta 23an; Hondalea-ren estreinaldiari buruzkoa lehenengoa eta Gomezen filmari buruzkoak bestea. Arrasate Irratiko datorren asteko Uda giroan saioek ere tokia egingo diote jaialdiari eta Goiena.eus atarian ere atal berezia izango du.