Martxa bertan behera uzteko erabakia babestu du Arrasateko EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 17a, 14:04

Koalizioak ohar batean azaldu du, Sarek "bakearen alde eta konfrontazioa ekidin nahian", martxa bertan behera uzteko erabakia hartu izana babesten duela. "Hartutako erabakiarekin, giza eskubideen aldarria Euskal Herriko herri guztietara zabaldu eta Arrasaten mobilizazioa deituz, konponbide eta elkarbizitzaren aldeko posizioa erakutsi eta presoen giza eskubideen aldeko aldarria biderkatzen du".

Oharrak nabarmentzen duenez, urte asko dira Arrasaten elkartasun eguna "modu baketsuan, istilurik gabe eta jai giroan" ospatzen dutela. "Aldarrikapen eguna da, elkartasun eguna, presoen eskubideak eta espainiar legea bere horretan aplikatzea eta salbuespenezko egoerak eragiten dituzten sufrimendua salatzeko helburua duen eguna".

Aurten, ordea, salatu dute faxistek eta Eusko Jaurlaritzak "kriminalizatu" nahi izan dutela ongietorritzat eta omenalditzat izendatuz. "Josu Erkorekak Sareko ekitalditik gertu eta faxistek eraildako arrasatearren omenezko monolitoaren parean, Vox elkartzeko baimena emateak eta sortu den zirko mediatikoak gure herrian tentsioa eta urduritasuna sortu dituzte. Bizikidetzaren gainetik faxistei alfonbra gorria jarri diegu, arrisku egoera posible bat sorraraziz".

Horren aurrean Arrasateko alkatearen "erantzunkizun falta" agerian geratu dela uste du EH Bilduk. "Uztailetik egoera honetara iritsi gintezkeela badakien arren, ez du afera hau bideratzeko lidergotzarik hartu".

Sareren ekitaldietan parte hartzeko deia

Faxistei ongietorririk egingo ez dietela adierazi dute, giza eskubideen alde lan egiten duen herri bat erakutsiko dutela. "EH Bildutik
herritarrak Sarek antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen eta deitzen ditugu. Arrasaten ekimen hau martxan jartzera eraman zuten arrazoiek bere horretan jarraitzen dutelako: bizi arteko espetxe zigorra amaitzea eta presoen giza eskubideak errespetatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak