Arrasatearrak azken urteotan kategoriako erreferenteetako bat bilakatu dira, bi urtez jarraian mailaz igotzeko borrokan ibili dira eta. Duela bi urte, arrazoi ekonomikoak tarteko, ez zuten pausoa eman, eta iazko denboraldian, Salou aldean jokatutako igoera fasean gauzak ez zitzaizkien nahi moduan irten. Orain, berriz, entrenatzaile berriarekin ekingo diote erronka berri bati, Eneko Matarekin.
Alde horretatik, baina, ez da iraultzarik egongo, Mata klubeko gizona da eta. Hala, Arrasatekoek Euskal Kopan erakutsitako maila politarekin ekingo diote ligari domekan. Santurtziko finalean galdu egin zuten Baskoniaren kontra, baina, emaitza baino gehiago, Sergio Sanchezek min hartu izana izan zen berri txarra.