Amaiako lehen doinuak, Triggerrek eta Pettik

Hasier Larrea 2021ko ira. 17a, 11:15

Ezkerrean, Petti, Otala Zelain iaz; eskuman, Trigger, entseatzen.

Zapatu honetan bertan, arratsaldeko zazpietan, irekiko du publikoaren aurreko denboraldi berria udal antzokiak, bi euskal musikariren proposamenekin: 'Manipulazio estrategiak' aurkeztuko du Pettik; Triggerrek, berriz, 'Poliedro Vol. 1'. Bi lanak dira freskoak.

Udako aire zabaleko emanaldien testigua jasotzen dabiltza pixkanaka areto eta antzokiak. Udazkena ate-joka dator, eta kultura arloko langileak hasi dira agertokiak urtaro berrira egokitzen. Arrasateko udal antzokiak, esaterako, bihar jasoko du denboraldiko lehen ikuskizuna, Pettiren eta Triggerren kontzertuarekin. Izen artistiko horien atzean ezkutatzen direnak Juan Luis Perez eta Eñaut Zubizarreta dira; bata beratarra da eta bestea aretxabaletarra, baina biak ala biak etortzen dira gustura Arrasaten jotzeko esaten dietenean. Edo halaxe diote, behintzat.

Klasikotik garaikidera

Zubizarretaren kasuan, badu lotura estua Amaia antzokiarekin, nahiz eta Trigger bezala bertan joko duen lehen aldia izango den: "Arrasate Musikalek eman zidan musika arloko oinarrizko ezagutza, eta Amaian askotan izan naiz bandarekin Gabonetako kontzertuak eta zarzuelak eskaintzen, esaterako".

Txeloa du bidelagun, izatez musika klasikoarekin lotzen den instrumentua. Dena den, klasikotik gutxi entzungo du bere hirugarren lana, Poliedro Vol. 1, esku artean duenak. Izan ere, gehiago edaten du folk, rock, hardcore eta halako estilo garaikideetatik. Emaitza zuzenean ikusi dutenek hauxe esan diote: "Hasieran jorratzen hasi nintzen rap kutsuko kantuak baino goxoagoak eta teknikoagoak direla azken hauek".

Gainera, ikuskizunak berak ere badu berrikuntzarik, Triggerrekin batera igoko baitira oholtzara Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo-joleak eta Amaiur Luluaga dantzaria. "Bizitzaren bidezidorretan" ezagutu dituela dio eskoriatzarrak, bakoitzak proiektuari bere aletxoa jartzeagatik pozik: "Hiru musikariok oso ondo sinkronizatzen gara jadanik, eta Lulua-garen mugimendu garaikideek balio gehigarria ematen diote emanaldiari".

MOMENTU GOZOAN DAUDEN BI MUSIKARIK PARTEKATUKO DUTE ESZENATOKIA

Petti, lagunekin

Haren ostean joko du Pettik, beste ia dozena bat musikarirekin batera; tartean egongo dira Et incarnatus Orkestra hari laukotea, Juantxo Zeberio piano-jolea eta bere ohiko taldekideak, esaterako. Horri lotuta, Manipulazio estrategiak diskoan "lagun askok" kolaboratu zutela aipatu du, eta, hein batean, horregatik dela "orain arte grabatutako lanik borobilena".

Ekoizpen aldetik ez ezik, politikoki ere indar handiko lan kontzeptuala dela azaldu du, are gehiago, jakinda Noam Chomski pentsalariaren ideietan oinarrituta dagoela: "Komunikabideen mezuak dira kantu guztien ardatza; Harkaitz Canok idatzi ditu letrak, eta bereziki gustatzen zaizkit, ironiaz, sarkasmoaz eta poesiaz busti dituelako gaiak".

Egutegiak, beteta

Bi artistek onartu dute "zorionez, oso lanpetuta" dabiltzala garaiotan. Pettiren hitzetan, "inoiz baino kontzertu gehiago" eman ditu aurten, eta, urrutira joan gabe: "Gaur bertan Villabonan izango naiz eta domekan Otxandion". Trigger ere ez dago denbora alferrik xahutzeko moduan, "Wood Strings taldearekin disko berria aurkezten eta bere lan pertsonalaren banaketa-fasean murgilduta" dagoela aintzat hartuta.

Eta Amaia antzokiarekin beste horrenbeste gertatzen da. Behin martxa hartuta, ez dirudi atseden handirik emango diotenik aretoari. Hilaren 19an eta 20an, Nora euskal filma proiektatuko dute, 19:00etan; haurrentzako eskaintza ere egongo da domeka honetan, 16:00etan, Spirit pelikularekin. Datorren zapatuan, berriz, Maestrissimo ikuskizuna ekarriko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak