Juan Arzamendi Musika Etxea, martxorako prest

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 16a, 16:36

Lurgoien enpresaren porrotaren ostean, urtebete baino gehiago egon dira geldi lanak, eta orain, Construcciones Moyua enpresak egingo du falta den zatia, %35-40 inguru; sei hilabeteko lana aurreikusten du enpresak. Beraz, martxorako bukatzea aurreikusten dute.

Udalak eta enpresak aurreko astean sinatu zuten obra hasierako agiria eta sei hilabeteko epea dute lanak amaitzeko, Construcciones Moyuako eraikuntzako gerente Jakoba Kortak azaldu duenez. "Lehenengo lanak egiten ari gara orain, hau da, leihoak jarri eta euri urak babestu. Gero, dagoeneko eginda dauden gauzak egituratzen joango gara, akaberak jartzen eta pixkanaka lanak amaitzen. Ez bada ezustekorik azaltzen, martxorako bukatuta egon beharko litzateke", gaineratu du.

Bestalde, dagoeneko jarrita dauden instalazioak ondo dauden frogatzen ari direla aitortu du. "Egia esan, obra denbora gutxi egon da geldi eta aurrez egindako lana ondo mantendu da, eraikina babestuta egon delako estalki batekin. Egoera onean dago eraikina, beraz, alde horretatik ez da arazorik egongo".

Lanaren %35-40 falta da

LKS enpresak darama obraren zuzendaritza eta Javier de la Fuente arkitektoak zehaztu duenez, eraikinaren zati handiena eginda dago. "%35-40 inguru da egiteko daukaguna, hau da, lanei azken ukituak eman eta obra amaitu, solairuz solairu. Akaberak emateaz gain, lokalen banaketak eta barruko zein kanpoko arotzeria jartzeke dago eta instalazioak ere bukatzeko daude oraindik. Azken ukituak delikatuak izaten dira, elementu sentsibleagoak direlako eta kontu handiz ibili behar izaten delako, ondo bukatuta geratu dadin. Gainera, akustikari garrantzia eman behar zaio eta hori ere ondo zaindu beharreko gauza da".

Auditorioak 172 eserleku edukiko ditu eta beirate bat duen atikoa ere izango du eraikinak 

Berrikuntza, atikoa

Eraikinaren banaketari dagokionez, hall nagusi bat dauka erdian, eta bi eskailera ditu izkinetan; sotoan instalazioak egongo dira; beheko solairuan, berriz, auditorio bat eta instrumentaziorako guneak; lehen eta bigarren solairuetan, azkenik, musika gelak. Auditorioari dagokionez, 172 ikus-entzulerendako lekua edukiko du eta agertoki zabala, abesbatza osoarentzat eta askotariko instrumentuak sartzeko lekua edukiko duena. "Horrez gain, butakak batu ahal izango dira". Bestalde, atiko moduko bat ere edukiko du, beirate batekin eta kanpo espazio batekin. "Kanpoan terraza bat dago eta hori erabili ahal izango da emanaldiren bat egiteko". Horrez gain, administraziorako gune bat ere egongo da. "Aprendices eraikinarekiko diferentzia handiena atikoa da, izan ere, lehengo eraikinak ez zeukan solairu hori", nabarmendu du arkitektoak.

Egoitza "duin" bat bientzat

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du Udal Gobernuaren lehentasuna izan dela obra "lehenbailehen" bukatzea eta egoitza "duin" bat eskaintzea Arrasate Musikal eta Goikobalu abesbatzari. "Espero eta gura dugu Arrasate Musikalek eta Goikobaluk 2022-2023 ikasturtea Juan Arzamendi Musika Etxean hasi ahal izatea", gaineratu du.

3.991.404,78 euroko kostua

Proiektu hau lizitaziora atera zenean, 7.480.518,91 euroko prezioa zeukan. Lurgoien enpresari esleitu zitzaion, 5.849.544,78 eurotan. Hala ere, enpresa horrek egindako zatia 2.529.431,9 eurokoa izan zen. Orain, Construcciones Moyuari esleitutakoari Lurgoienek egindako zatia gehituta, 6.520.836,68 eurokoa da obraren kostua. Hori hala izanik, 3.991.404,78 eurokoa izango da obraren bigarren zati horren aurrekontua. Gainera, Gobernuak azaldu duenez, 239.776,57 euroko abalarekin ordaindu ahal izan ditu obrak sortutako gastu gehigarri guztiak, obrak geldi egotean eraikina babesteko lanak, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak