Faxismoaren aurka mobilizatzeko deia egin dute domekarako

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 15a, 10:25
Arizmendiarrieta plazan izango da elkarretaratzea.

Arrasateko hainbat eragilek zabaldu dute deialdia. "Arrasaten gure eskubideen alde borrokatzen duen herri bat dagoela aldarrikatzeko, larunbatean elkartasun martxa indartu eta domekan hurrengo mobilizaziora deitzen zaituztegu". Irailaren 19an izango da elkarretaratzea, 13:00etan, Arizmendiarrieta plazan, Gora Arrasate, faxistak kanpora! lemapean.

"Aurtengo irailean 85 urte beteko dira tropa frankistak Leintz bailaran sartu eta gure herriak hartu zituztenetik. Garaiak aldatu diren arren, larunbatean ere faxista horien oinordekoak Arrasatera etorriko dira eraikitzen ari garen bizikidetza oztopatzera. Honakoa ez da kasu isolatu bat, azken aldian eraso faxista ugari ikusten ari gara Euskal Herrian: eraso homofoboak, matxistak, arrazistak, transen eskubideen aurkakoak, euskararen aurkakoak, gazteen aurkakoak...", salatu dute.

Intxorta 1937 kultur elkartea da deialdiarekin bat egin duenetako bat. "Vox eta PP, 1936an kolpe militarra eragin zutenei babesa ematen jarraitzen duten alderdiak, Arrasaten izango dira larunbat honetan, hilak 18. Ez gaituzte aurrean izango, ez diegu nahi duten argazkia oparituko. Intxorta 1937 kultur elkartea osatzen dugun emakume eta gizonok Arrasateko kaleak zeharkatuko dituen martxarekin bat egingo dugu. Igandean, hilak 19, 13:00etan, elkarretaratzean izango gara, monolitoaren aurrean, honako oihu hau egiteko: 85 urte justizia eske. Faxistak kanpora!", azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak