Agintariek pandemia garaian hartutako erabakiekin kritiko azaldu da Maritxu Kajoi komisiñua: "Sindemia garai luze honek erakutsi digu ez direla osasunaren aurkakoak ez tabernariak, ez gazteak, ez kontzertuak ezta herrigintza bera ere, etengabe jo puntuan jarri gaituzten arren".
2020ko martxotik hona jazotako gizarte-aldaketak ere izan dituzte hizpide: "Ohituak ginen ardo beltzaren eta zuriaren artean aukeraketa egiten. Orain aldiz, Pfizer edo Astrazenekaren artean erabakitzea askatasun ikur bihurtu dute zenbaitek. Baina, konturatu gabe, herriak poliziez inguratuta, etxeko sartu-irtenak mugatuta eta txikiteorako kuadrillen lagun kopurua murriztuta ikusi ditugu, hobe beharrez eta erantzukizun kolektibotik egin duguna".
Bestalde, kontraesankorrak iruditzen zaizkie zenbait esparrutan osasunaren gaineko neurririk ez sumatzea: "Bitartean, ordea, fabriketan hiru erreleboek berdin jarraitzen zutela edo eta ikasgeletan ikasle kopuru berdinak pilatzen zirela ikusten jarraitu dugu. Oinarri epidemiologikorik gabeko neurriekin zorabiatuta segitzen dugu oraindik, baina oinarrizko neurriak hartzen jarraitzea dagokigu".
Ondorioz, bigarren urtez jarraian, Maritxu Kajoi komisiñuak ez du urriko lehen barikuan ezer antolatuko.