Plazako dantza tradizionalak ikasteko aukera, urte eta erdiren ostean

Hasier Larrea 2021ko ira. 14a, 10:04
Pandemia aurreko dantzaldi bat, Herriko Plazan.

Urritik maiatzera arte, astelehenero egingo dituzte saioak, Patxi Monteroren gidaritzapean. Portaloi elkartea arduratu da ikastaroa antolatzeaz, eta AEDn zein Gazte Bulegoan eman daiteke izena jada.

Bueltan da Herrixa dantzan dinamika, helburu bikoitzarekin: "Gaur egun Euskal Herriko plazetan egin ohi diren tradiziozko dantza molde guztiak ezagutu eta praktikatzeko, eta baita, egungo egoerak behartuta, gorputza, gogoa, neuronak, animoa eta osasun fisiko, psikiko eta emozionala astintzeko ere", adierazi dute Portaloi elkartekoek. Beraz, edozein plazatako jai-giroan dantzara animatzea gustuko duenak, aurrez entrenatuta joateko abagune aproposa izango du urriaren 4tik aurrera.

Hitzorduei Mertzedarien ikastetxeko gela batean ekingo diete, harik eta Kulturola erabilgarri egon arte: "Lanak ondo bidean, urte berriarekin bat mugituko ginateke eraikin berrira". Bi taldetan banatuko dituzte saioak: astelehenero, 17:30ean, dantza-txokoaren txanda izango da, eta 19:00etan, oinarrizko maila ikasi nahi dutenena. Momentuz, erakutsiko eta landuko dituzten dantzak indarrean dauden neurrietara egokituko dituzte, eta, hasiera batean, gutxieneko tartea gordeta egin daitezkeen mugimenduetan jarriko dute arreta.

Izena emateko AEDra –943771228 / aed@aedelkartea.eus– edo Gazte Bulegora –943252065 / gaztebulegoa@arrasate.eus– jo beharko dute interesatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak