Saia Goait eta Bizarro taldeek gaztetxean joko dute irailaren 18an

Hasier Larrea 2021ko ira. 10a, 12:00

Bizarro taldekoak, zuzenekoan.

Atzo egin zion ongietorria sasoi berriari gune autogestionatuak, Alberto Pinzonen hitzaldiarekin. Bi liburu berriren aurkezpena ere egingo dute toki berean, hilaren 23an.

Arrotxapeako gaztetxeari elkartasuna adieraziz ekin zioten denboraldiari AGAKOko kideek, Herriko Plazan elkarretaratzea deituta. Biharko, Iruñera joateko autobusa antolatu dute, Arrotxapean jazotako istiluak salatzeko manifestazioa egingo baitute bertan. 15:30ean abiatuko da autobusa, Zalduspetik, eta 21:00etan itzuli. Izena emateko "gaztetxearen Instagram kontura edo AGAKOko kide batengana jotzera" gonbidatu dute.

Gaztetxea ere jarri dute martxan, Alberto Pinzon erbesteratu kolonbiarrak atzo eskainitako hitzaldiarekin. Bere herrialdeko mugimendu paramilitarra eta bake akordioaren porrota izan ziren Pinzonek entzuleen aurrean jorratutako gai nagusiak.

Hilaren 18rako, zapatua, denboraldiko lehen kontzertua antolatu dute. Bizarro rock talde oñatiarrak Mutrikuko Saia Goait hardcore bandarekin partekatuko du oholtza, 20:00etan hasita. Zazpi eurotan eskura daitezke sarrerak jadanik www.agako.eus atarian.

Bi libururen aurkezpena

Hilabetea borobiltzeko, liburu bana argitaratu berri duten bi idazle etorriko dira gaztetxera, hilaren 23an, 19:00etan. Zehazki, The Capaces taldeko abeslari Marta Fontana Martillo-k La Casa de Verges aurkeztuko du, fenomeno paranormalei buruzko ez-fikziozko bere lehen obra; Ivan Hernandez Prio izango du alboan, Desafecto izeneko ikerketa lanari buruz mintzatzeko.

Gaztetxean ekintzaren bat antolatu nahi duen edonork ostiralero izango ditu asanbladako ateak irekita, 20:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak