Trafikoaren zarata eta kea gutxitzea, eskola inguru seguruagoa izatea, berotegi efektuko gasen emisioa murriztea edota norberaren osasuna hobetzea dira sustatzaileek azaldu dituzten arrazoietako batzuk. "Mugikortasun aktiboaren garrantzia" aldarrikatuz, eskolara oinez joatera animatu nahi dituzte Arrasate Herri Eskolako ikasleak.
Horretarako, bi ibilbide prestatu dituzte: bat Biterin hasiko da eta bestea San Andres auzoko Kurtze txiki plazan. Egitasmoan parte hartzeko izena eman beharko da irailaren 14a baino lehen.
Nolanahi ere, proposamen hau ez da aste honetara bakarrik mugatzen. Ikasturte osoan zehar animatu nahi dituzte haurrak eskolara oinez joatera: "Lagunen artean elkartu, taldeak osatu, eta oinez joaten jarraitzera animatu nahi ditugu". Ingurumenaren eta osasunaren alde egin behar dela aldarrikatu dute.