Folkarekin gozatzeko proposamen "bitxiak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ira. 10a, 09:22

Eneritz Furyak bakarlaria igoko da gaur, egubakoitza, Kulturateko areto nagusiko agertokira. Argazkia: Eneritz Furyak.

Eneritz Furyak bakarlaria, SonLosgrillos Valentziako bikotea eta Zarauzko Buffalo hirukotea Nacho Soto piano-joleak lagunduta izango dira gaur hasi eta domeka bitartean Kulturateko areto nagusian; emanaldi guztiak 20:00etan eta doan dira.

"Ezohiko" musika-proposamenak egitea du helburu aurreko astean abiatu eta oraingoan borobilduko duten Kulturate Akustikoak programak. "Gustura gaude eskainitako hiru kontzertuek izan duten harrerarekin; izan ere, ez ziren erraz entzuteko moduko proposamenak, baina publikoak oso ondo erantzun du. Musikariek asko eskertzen dute jotzeko aukera izatea, eta, are gehiago, baldintza onak direnean", azaldu du Karmelo Alberdi Kultura teknikariak.

Eneritz Furyak gaur

Irungoak abiatuko du bigarren asteburua; aurten atera duen Emadan aurkeztuko du. "Bakarka arituko naiz, baina ez bakarlari formatu ohikoenean. Gitarra akustikoak eta ahotsak kantuen haria gidatu arren, sintetizadoreak jo ohi ditut oinekin, pedalera baten bidez, badira gitarra gabeko kantuak ere... Oro har, esango nuke kontzertu iluna izango dela, baina batzuetan bake apur bat ere ematen dizun iluntasun mota horri buruz ari naiz. Arrasaten irudiak jarriko ditugu emanaldian zehar, eta esanen nuke Emadan-en benetako itxura ezagutzeko aukera ona izanen dela", dio Eneritz Furyakek.

Bakarkako bigarren disko luzea du Emadan. "Ezberdina da aurrekoekiko: alde batetik, ildo jakin bati lotutako gai batzuei men egiten dielako; eta, bestetik, musikalki, ez delako folk hutsa edo gitarraren eta ahotsaren arteko jolas soila. Elektronikaren alde horrek giro batzuetan kokatzen ditu doinu eta gaiak, eta lehenagoko diskoetan erdietsi ez nuen norabait eraman. Galdera asko daude kantuotan eta musikalki ere erantzunen bila aritzeak –eta beti erantzun bat topatuko ez duzula jakitea– sortzen duen tentsio hori badaukate".

Marta Rodrigez eta Mauricio Mora dira SonLosGrillos bikotea. Argazkia: SonLosGrillos.

Folka ukitu psikodelikoekin

Marta Rodrigez bilbotarrak eta Mauricio Morak osatzen dute Valentziako SonlosGrillos. "Aurretik bi lan zituzten ingelesez argitaratuta eta Color de flores izenekoa argitaratu dute aurten, gazteleraz. Bilduma polita iruditu zait. Zaila da estilo bakarrean definitzeko; folka da, baina psikodelia ukituak ere baditu. Pozarren hartu zuten Arrasatera etortzeko proposamena; Euskal Herrian jotzeak ilusio handia egiten ziola esan zidan Rodrigezek, besteak beste, Bilbon bizi den bere amak kontzertura etortzeko aukera izango duelako".

Domekan Kulturateko agertokian izango den Buffalo taldea. Argazkia: Buffalo.

Doinu instrumentalak domekan


Antolatzaileak aspalditik ari
dira Zarauzko Buffalo hirukote instrumentala Kulturate Akustikoetara ekartzeko ahaleginetan, eta, hainbat saiakera egin ostean, domekan eskainiko dute kontzertua aurtengo eskaintza borobiltzeko. "Hiru urte inguru badira euren atzetik ari garela, baina arrazoi ezberdinengatik ez dugu lortu data adostea. Oñatiko Antixena gaztetxean ikusi nituen behin eta asko gustatu zitzaidan euren zuzenekoa. Proiektu berri batekin ari dira orain, Musikeneko ikasle Nacho Soto piano-jolearekin batera; hortaz, laukote formatuan etorriko dira domekan. Feeling handia dute euren artean, eta sekulako musika maila ere bai. Elkarrekin disko bat grabatzen hastekoak dira. Zaila da kontzertu horretako musika-estiloa definitzea, baina hori ere pro-
p
osamen "bitxia" izango delakoan nago", azaldu du Alberdik.

Emanaldi guztiak Kulturateko areto nagusian 20:00etan eta doan dira. Edukiera mugatua dute, eserlekuak bete bitartean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak