Paroten etxeratzea eskatzeko, hilaren 18an elkartasun martxa egingo da

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 8a, 10:50

Arrasateko Sarek 31 kilometroko martxa antolatu du hilaren 18rako; 31 kilometrokoa, Unai Parot arrasatearrak 31 urte daramatzalako espetxean. 12:00etan abiatuko da Biteri plazan eta 18:00etan azken hiru erreleboak egitea aurreikusten da.

Arrasateko Sarek ohar bidez azaldu duenez, Unai Parotek Espainiar estatuan bete daitekeen "zigorrik handiena" bete du dagoeneko: 30 urte. "Zigorra beteta duenez, kalean egon beharko luke, baina espetxean zegoela berriz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. (…) Legeak dio gauza berarengatik ezin dela inor epaitu berriz", adierazi dute.

Arrasateko eragileak eta animatzen diren norbanakoak deitu dituzte kilometroak egitera: euskaltzaleak, pentsionistak, kirolariak, auzo elkarteetakoak, ostalariak, dendariak, feministak… Lehenengo kilometroan dispertsioa jasan duten presoen senide eta lagunek eramango dute testigua, baina kilometro hori eta azken hirurak "denek batera" egiteko deia egin dute Saretik. Azken lekukoa Oihana Parot Unai Paroten arrebak eramango du.

Urrats nahikorik ez

Sarek onartu duenez, azken hilabeteetan urratsak egin dira presoak gerturatzeko bidean, baina "nahikoa ez direla" azaldu dute. Horregatik honako bost eskaera hauek egiten dituzte: euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egotea; gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak etxean egotea; gradu progresioa aplikatuz, baimenekin ateratzeko aukera izatea; hiru laurdenak beteta dituztenak etxean egotea, baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta, bukatzeko, salbuespenezko legeekin epaitutakoei legedi arrunta aplikatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak