Badator Mondranbike, baina egokituta

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 7a, 15:25

Seber Altuben beharrean, Arruena parkean –Eroski ondo koparkean– izango da irteera puntua, eta irteeran ez da jendetza batuko.

Besaide Mendi Elkarteak antolatuta Mondranbike mendi bizikleta martxa egingo dute irailaren 18an, Arrasaten. Izenematea zabalik dago, kirolprobak.com webgunean, eta parte-hartzea 150 lagunetara mugatu dute. Oraingoan ziklistak ez dira batera irtengo, 08:00etatik 09:00ak arte egongo da martxa hasteko aukera.

Pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak kontutan hartuta, Besaideko lagunek erabaki dute irailean martxa antolatzea. Hala, hilaren 18an, zapatua, egingo dute Mondranbike. Antolatzaileek hiru ibilbide prestatuko dituzte, errazenak 25 kilometro izango ditu eta 800 metrotako desnibel positiboa. Ertainak 32 kilometro eta 1.200 metro, eta fisikoki eta teknikoki zorrotzenak 38 kilometro eta 1.500 metroko desnibela. Azken urteotan Arrasateko erdialdea girotzearen Seber Altuben hasi eta amaitu izan dute proba. Oraingoan, baina, Arruena parkean –Eroski ondoko lautadan– izango da irteera eta amaiera.

Ibilbidea ez da markatuta egongo; martxa hasteko ordubeteko tartea egongo da

Hori da aurtengo martxako nobedadeetako bat, antolatzaileek ez dutela hartuko bezperan ibilbidea plastikozko zintekin markatzeko lana. Etxerako lan horiek aurretik egin dituzte, ibilbideak mimoz prestatzen dihardute, baina egunean bertan GPS gailuak derrigorrezkoak izango dira martxa egin ahal izateko; hala, parte-hartzaile bakoitzak irailaren 16an jasoko du track-a –ibilbidearen nondik norakoak– e-postaz. Horrekin batera, irteeran jendetzarik ez batzeko, antolatzaileek ordubeteko tartea jarri dute martxa hasteko (08:00-09:00), eta bakoitzak aukeratuko du noiz hasi pedalka, bakarrik, ala talde txikietan.

Urtero moduan, baina, ibilbidean zehar anoa postu bat egongo da, eta amaierako luntxa ere egoera berrira egokitutakoa izango da. Horrekin batera, bizikletak garbitzeko mangerak egongo dira, baina kontrara, ez da kiroldegian dutxatzerik egongo (Izenematea, federatuek 10 euro, ez federatuek 15 euro).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak