Datorren egubakoitzean, hilak 10, emango dio hasiera Doke antzerki taldeak aurtengo berrikuntzari, "aspaldian" ez baita helduentzako antzerki eskolarik egon Arrasaten: "Antzerkigintzan murgildu nahi duten pertsonen zain gaude; batzuk apuntatu dira, baina jende gehiago etortzea gustatuko litzaiguke", aipatu du Maider Altzelaik, antzerki eskolaren antolatzaileak.
Ikastaroak ostiral arratsaldeetan izango dira irailean, eta zapatu goizetan urrian. Klase bakoitzak lau ordu iraungo du, printzipioz, nahiz eta interesa dutenen beharren arabera moldatzeko prest agertu diren. Borja Ruiz Osante izango da irakaslea.
Gazteenak, hilaren 13an
Iaz inauguratutako neska-mutilen antzerki eskolak aurten ere izango du jarraipena, gainera. Astelehenetik ostegunera emango ditu klaseak Maider Alzelaik: "Taldeak antolatzen gabiltza oraingoz; ideia da 8tik 11 urtera artekoak eta 12tik 15 urtera artekoak bereiztea". Diziplinaren gaineko "aurreiritzia aldatzea" da Dokeren erronka.
Izen-emateei buruzko informazio gehiago dago Dokeren webgunean.