Kirol klubek jokalari gazteen izen-emateak ireki dituzte

Hasier Larrea 2021ko ira. 3a, 20:13

Arrasate Eskubaloiren udako campuseko irudi bat.

Eskubaloia, atletismoa, errugbia edo futbola probatu nahi duten gaztetxoentzako deialdiak antolatu dituzte.

Motorrak berotzen hasi dira dagoeneko herriko zenbait kirol talde, hainbat kategoriatan. Arrasate Rugby Taldea, esaterako, Mojategiko lan-saioetara itzuli da, eta klubetik aipatu dute "bat egin nahi egin nahi duen oro gonbidatuta" dagoela "Mojategira joan" edota eurekin "harremanetan jartzera".

Mondrakoak ere badabiltza Mojategiko futbol zelaian entrenatzen, eta hasi dira denboraldi-aurreko partiduak jokatzen. Irailaren 1ean eta 2an, infantil mailako –2008 eta 2009 artean jaiotakoak– jokalari berriak eskuratzeko saioak egin zituzten.

Arrasate Atletiko Taldea da kirol instalazio horietan aritzen den beste klub bat. Aurten ere atletismo eskola antolatuko dutela iragarri dute, 2000 eta 2014 urte artean jaiotakoei zuzenduta. Denboraldia irailaren 13an hasi eta ekainaren 22an amai-tuko dute. Benjamin, alebin eta infantil kategorietako kirolariek asteazkenetan eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara izango dituzte saioak; kadeteak eta gazteak, berriz, astelehenetan eta asteazkenetan 18:00etatik 19:30era, ostiraletan 17:30etik 19:00etara eta zapatuetan 10:30etik 12:00etara entrenatuko dira, eta astean hiru saio egiteko aukera izango dute.

Eskubaloi eskola, bidean

Arrasate Eskubaloi Taldekoak ere lanean jarri dira, bai kantxan eta baita bulegoan ere. Hala, udako campusari jarraipena emango diote aurten, eskubaloi eskola irekita. 2010-2013 urteen artean jaiotakoei egongo da zuzenduta, eta ostegunetan batuko dira, 18:00etatik 19:15eara, Musakolako kiroldegian. Izena eman nahi duenak 619 67 26 96 telefonora edo aeb@arrasaateeskubaloi.eus helbidera jotzea dauka.

Bestalde, infantil mailako jokalariak erakartzeko deialdia ireki dute sareetan, eta LEKen laguntza ere izango dute. Neskek martitzenetan –Iturripen– eta eguenetan –Musakolan– entrenatuko dute, eta mutilek, berriz, astelehenetan –Iturripen– eta eguenetan –Musakolan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak