Musika tresnak baino gehiago, musikaren bilakaera jasoko duten saio didaktikoak eskainiko ditu aurtengo ikasturtean Arrasate Musikalek. Hala, musikak berak gizateriaren sorreran izandako presentzia eta erabilera zein ordutik jasandako bilakaera izango dute hizpide.
Ikastaroaren helburua musikaren oinarrizko ezagutza batzuk lortzea dela aipatu dute musika eskolako arduradunek: "Batetik, historiaren hainbat arotan zein bilakaera izan duen ezagutuz, eta, bestetik, gizateriak historian zehar zein musika tresna eta zein modutan erabili dituen aztertuz, hastapenetatik gaur egunera arte".
18 urtetik gorakoentzat
Astero ordubete iraungo dute eskolek, eta gaiarekiko interesa duen edozein helduk parte har-tu ahalko du. Ordutegia izena ematen duten partaideen artean adostuko dute."Solfeoaz eta instrumentuen praktikaz harago, metodologia desberdina eta ez hain teknikoa erabiliz" landuko dituzte edukiak. Konkretuki, ikus-entzunezko metodoez eta unitate didaktikoaren gidoi baten bidez garatuko dira eskolak.
Matrikulazio epea, irekita
Bestalde, musika eskolatik gogoratu dute instrumentuak jotzen ikasteko aukera batzuk gelditzen direla oraindik. Eskoletan izena eman nahi duen orok musika eskolara, hots, Monterron jauregira, jo beharko du astelehenetik ostegunera bitartean, goizeko hamarretatik hamabietara edota arratsaldeko lauretatik zazpietara.