Kurtso hasiera goxatzeko proposamen kultural interesgarriak dakartza Kulturate Akustikoak programak. Asteburu honetan eta hurrengoan izango dira hitzorduok, arratsaldeko zortzietan hasita, eta sarrerak ezingo dira aurrez eskuratu, emanaldia hasi aurretik baizik, Kulturateko areto nagusian bertan.
Formula horren aldeko hautua egin zuten duela zenbait edizio, eta momentuz ondo funtzionatzen duela aipatu du Karmelo Alberdi Kultura teknikariak: "Orain arte ez dugu edukiera arazorik izan". Gainera, aretoak %60 betetzea adostu du Labik, eta, ondorioz, iaz baino jende gehiago sartu ahal izango da aurten.
Irekiera kontzertua Copernicus Dream taldeak emango du, gaur bertan. Castro Urdialestik dator boskotea, eta americana generoa lantzen dute, batik bat, soul, hard-rock eta psichobilly ukituak ere erantsiaz abestiei. Chus Gonzalez taldeko konpositorearen esanetan, iaz argitaratutako Goals & Illusions diskoan "detaile txiki ugari aurkituko ditu entzuleak, poliki-poliki deskubritzeko modukoak". Zuzenekoetan diskoan ageri diren instrumentu batzuk, biolina, adibidez, teklatuarekin ordezkatzen dutela aipatu du , "baina grabazioko esentzia galdu gabe".
Bihar, berriz, Idoia Hernandez Hatxe piano-jole oreretarraren txanda izango da. Peru Galbete –ahotsa–, Jurdana Otxoa –biolina– eta Ilargi Agirre –bateria– izango ditu alboan, Panpin hautsien dantza lana plazaratzeko helburuarekin. Proposatzen dituzten kantuak "testuekin, audioekin eta inprobisazioekin lotutakoak" direla dio, baita "geldiunerik gabeko emanaldiak" eskaintzen dituztela ere. Artista bezala, berriz, honako kritika hauek entzun dizkio publikoari: "Estilo aldetik post-klasiko etiketa jarri ohi didate, baina, era berean, teatro-musikatik asko edaten dut". Feminitatearen inguruko hausnarketak dira bere konposizioen abiapuntua.
Domekan, ostera, Maite Larburu hernaniarra etorriko da Kulturatera. Ahotsa, biolina eta gitarra uztartzen iaioa, Krak diskoa aurkeztuko du bertaratzen diren herritarren aurrean. Bere bakarkako bigarren lan hori Karlos Arancegiren bateriak eta Carlos Taroncherren klarinete baxuak borobiltzen dute.
Beste hiru kontzertu
Datorren egubakoitzean Eneritz Furiyak etorriko da, zapatuan SonLosGrillos bikotea eta domekan Buffalo eta Nacho Soto. Eskarmentua duten musikariak, beraz, aurtengo edizioa modu txukunean amaitzeko.