"Beranduenez" urtea bukatu baino lehen hasiko dira Kataideko bidegorria eraberritzen

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 5a, 18:17

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Saileko zuzendari Ander Iturrik aurreratu duenez, Kataide industrialdetik Elorregiranzko 690 metroko bidegorri zatia egiteko lanak urtea bukatu aurretik hasiko dituzte; sei aste beharko dituzte zati hori osatzeko.

Hainbat arazo administratiboren ondorioz, hasierako aurreikuspenak atzean geratu ziren, 2020ko hasieran baitziren lan horiekin hastekoak. Edozelan ere, arazo horiek gaindituta, "beranduenez" urtea bukatu aurretik hasiko dituzte Kataideko bidegorri zatia egiteko lanak, Ander Iturri Mugikortasun Saileko zuzendariak azpimarratu duenez. Bi enpresak aurkeztu dituzte haien proiektuak bidegorria egiteko. "Kontratazio mahaia abuztuan zen batzekoa, baina oporrak direla eta, azkenean irailean zehar aztertuko dituzte aurkeztu diren bi enpresen eskaintzak eta hilabete bukaerarako obra esleituta egotea aurreikusten dugu", zehaztu du Iturrik. Ondo bidean, proiektua esleitzen denetik hilabete barru hasi beharko lirateke lanak, urri bukaerarako. "Dena den, asko jota urtea bukatu aurretik lanekin hastea aurreikusten dugu". Behin lanekin hasita, sei aste beharko dituzte aipaturiko 690 metroko bidegorri zati hori egiteko.

328.930,09 euroko aurrekontua da lizitaziora aurkezturikoa, BEZ barne, eta finantziazioaren %100 Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain, nahiz eta Arrasateko Udalak bere garaian Aldundiari egindako eskaerari erantzuten dion. Izan ere, zati osoa Arrasateko lurretan dago.

2019ko irailean lortu zuten akordioa Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, akordio horri erantzunez, Kataide eta Arrasateko ekialdeko tokiko bidegorria lotzeaz gain, zorua egokitu eta handitu, espaloiak eta zintarriak konpondu eta seinaleztapena eta argiztapena hobetuko dituzte obra honekin. Mugikortasun Saileko zuzendariarentzat "garrantzi handia" dauka bi tarte horiek lotu eta bidegorri zati hori amaitzeak. "Funtsezkoa izango da Deba ibarreko foru-ibilbidearen barruan", gaineratu du.

Hobetzeko "beharra" dauka

Erabiltzailee gehienek begi onez hartu dute albistea, bidegorri zati horretan hobekuntzak egiteko beharra sumatzen baitute aspaldian. Batzuek uste dute "estuegia" dela oraingoa eta zabaltzea beharrezkoa dela. Horrez gain, zuloz josita dagoela ere nabarmendu dute eta leundu egin beharko litzatekeela. "Euria egiten duenean putzu handiak sortzen dira". Oinezkoendako eta bizikletendako bideak ondo bereiztea ere garrantzitsutzat jo dute beste erabiltzaile batzuek. "Oinez zoazela, abiadura handian pasatzen dira bizikletan eta hori oso arriskutsua da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak