Mondragon Unibertsitatea hasi da EBA denboraldirako motorrak berotzen. Euskal Kopa hartu dute jomuga arrasatearrek, eta ondo hasi dute bidea, Zarauzko Ulazia taldea mendean hartuta. 22-8, 38-28, 59-36 eta 81-58 izan dira lau laurdenetako emaitzak.
Lehena irabazi ostean, Easoren kontra jokatuko du Ointxek, irailaren 4an, Donostian. Emaitza horren eta hirugarren jardunaldiko emaitzaren arabera zehaztuko dira final aurrekoak.
Sei talde
Sei taldek dihardute lehian Euskal Kopan. A multzoan, Leioa, Fundacion 5+11 eta Santurtzi; eta B multzoan, Easo, Ulazia eta MU. Lehen faseko hiru jardunaldiak jokatu ostean final erdiak jokatuko dira: A multzoko lehen sailkatua B multzoko bigarrenaren kontra, eta A multzoko bigarrena B multzoko lehenaren kontra. Final erdiak irailaren 11n jokatuko dira.
Irabazleak final handian elkartuko dira, hilaren 12an.
Eneko Mataren lehena
Asteburuko partiduak balio izan du aurpegi berriak ikusteko kantxan. Alde batetik, Eneko Mata entrenatzaile berriak zuzendu du taldea, estreinakoz. Azken urteetan bigarren entrenatzailea izan ostean, Matak hartu du Ogararen lekukoa.
Beste alde batetik, zaleak izan ziren aurpegi berriak. Lehen aldiz sartu dira herritarrak saskibaloia ikustera, Iturripera. Aurrerantzeko partiduetan 60 ikusle egon ahal izango dira harmailetan.