Artistek euren dohainak kaleratzeko helburuarekin, musika, antzerki, zirku eta dantza saioak ekartzen ditu uztailetan Udaleko Kultura Sailak. Karmelo Alberdi teknikariaren esanetan, "aspalditik" dabiltza eginkizun horretan, eta "duela hamahiru urte inguru" jarri zioten Udazabal izena egitasmoari. Aurten, oraingoz, sei hitzordu atera dira aurrera; izan ere, Julen Alonsorena eta Trigger-ena bertan behera gelditu dira eta Olatz Salvadorrena eta Garazi Barrenarena Monterrondik Amaia antzokira lekualdatu behar izan dituzte. Hala ere, "ondo" erantzun du publikoak, "seguru" sentitu dira emanaldietan, eta datozen ekitaldietarako "segurtasun protokoloa mantentzeko gai izatea" espero du Kultura Sailak.
Izan ere, Udazabalek azeleragailua sakatuz, zortzi egunetan lau saio eskainiz, osatu nahi du hilabetea. Eguaztenerako lehen aldiz Santa Teresan kontzertua antolatu ostean, Seber Altube plazan programatu dute gaur bertan hurrengo zita, Gag Street Boys-en Yes we art antzezlan dibertigarriarekin. Etzi Zaldibarko frontoia dantza garaikidearen agertoki bilakatuko dute, Node, Amaia Elizaran eta Eva Guerreroren ikuskizuna medio (Ikus 42. orrialdea).
Datorren astean, gehiago
Hurrengo eguaztenean, hilak 28, musikaz gehiago busti nahi duenak aukera polita izango du San Andresko Cordoba y Oro plazan, arratsaldeko zazpietan. Screamers & Sinners izango da tokiko talde gonbidatua. Laukotearen psychobilly estiloko erritmoei Unidad Alavesak gehituko dizkie folk eta rock kutsuko doinu itsaskorrak.
Udazabali bukaera emateaz arduratuko direnak Barsanti antzerki taldeko Aritza Rodriguez eta Juanjo Otero aktoreak izango dira, baina ez dirudi egitekoa serioegi hartuko dutenik, aurkeztuko duten Legea gu gara obrak umoretik deskribatzen duelako gaurkotasun soziala. Antzezlanarekin barrez lehertzeko hitzordua Seber Altuben izango da, datorren barikuan, 19:00etan hasita.
Musika emanaldietarako sarrerak agortuta dauden arren, oraindik dantza eta antzerkia ikusteko eserleku batzuk gelditzen dira arrasate.eus webgunean.