Hirugarrenez egin dute Arrasate Blues jaialdia. "Aurten emakumea izan da protagonista; artista bikainak ikusi eta entzuteaz gain, kalitatezko sormena dastatu ahal izan dugu. Eta guztia Ibai Arte Merkatari Elkarteak bultzatu eta antolatua. Tokiko merkataritzaren balioa azpimarratuz, Arrasaterekin duten konpromisoa erakutsiz. Eskerrik asko Ibai-Arte", azpimarratu du zinegotziak.
Pandemiari aurre egin eta Euskal Herria Plaza, Jokin Zaitegi, Arotz plaza, Arbolapeta, Portaloia eta herriko askotariko txokoak hartu ditu bluesak, "eta saretu gaitu arrasatearrok".
Bukatzeko, nabarmendu du aitortzarentzat ere egon dela unea. "Goikobalu abesbatza eta Arrasate Musikalen laguntzarekin Jesusi Etxeberriak jaso zuen merezitako omenaldia, musika hauspotu eta belaunaldiz-belaunaldi transmititzeagatik. Gure kulturak eta, bereziki, bertan murgilduta dauden herritarrek egiten dute Arrasate herri bizi".