Tokiko Gobernu Batzarrean onartu da erabakia eta Monterron eta Santa Barbara parkeetan garbiketa zerbitzua hobetuko dute uztailean, abuztuan eta irailean. Gainera, Villa Amparoko ur-parkearen garbiketa ere egingo du Cespa enpresak. "Noizean behingo" zerbitzua hobetzeko eskaera egin zaio enpresari. "Beraz, Monterrongo eta Santa Barbarako garbiketa ostiral, larunbat eta igandeetan egingo dute, uztailean, abuztuko lehen eta azken asteetan, eta irailean. Villa Amparoko ur-parkearen garbiketari dagokionez, uztailetik irailaren erdialdera arte egunero egingo dute", nabarmendu du Fuentesek.
Fuentes: "Gazteen jarrera arduragabea da"
Kale-zurruta egiten dutenak 20 eta 30 urte gazteak direla adierazi du Fuentesek, "oraindik txertoa hartu gabe dutenak", eta haien jarrera "arduragabea" dela salatu du. "Gure bizilagunen osasuna arriskuan jartzeaz gain, dirua kostatzen zaigu. Udal aurrekontua handitu egin dugu botila-festa guneak garbitzeko zerbitzua hobetzeko. Gure herritarrek egin beharko dute ordainketa hori, eta hori bidegabea da egungo krisi ekonomiko eta sozialean, COVID-19ren pandemiagatik".
Hori dela eta, kale-zurruta "errotik mozteko" eskatu die gazteei Fuentesek. "Esan gabe doa kezkagarria dela gure herrian gertatzen ari dena. Udalak pilaketak saihesteko neurri 'murriztaileak' hartu dituen arren, zorritxarez, ez dira nahikoak. Adibidez, Santa Barbara parkea gune irekia da, burdin hesirik eta sarbiderik gabea, eta, beraz, ezinezkoa da ixtea", gaineratu du zinegotzi sozialistak.
Bukatzeko, "erantzukizunez" jokatzeko deia egin die arrasatearrei. "Ezin da izan arrasatear bat koronabirusaz gaixotzea txertoa hartu aurretik".