Ekain eta uztail arteko astean 9 eta 11 urtekoek probatu ondoren, adinez nagusiagoak direnei tokatuko zaie datorren astea antzerkiaren munduan bost egunez murgiltzea. Maider Altzelai irakasleak aipatu du "aurreko txanda bezala datorrena ere motz" geratuko dela, beharbada, baina "interpretazioan lehen esperientzia" edukitzeko moduko udalekuak izango direla. Arrasatetik ez ezik, Oñatitik eta Eskoriatzatik ere etorriko dira partaideak.
Alderdi plastikoan eta gorputz sormenean ardaztuko da egonaldia, maskara propioak landu eta jolasen bidezko taldekako antzezpenak egingo baitituzte. Jarduera gehienak Dokeren lokalean egingo dituzte, "materiala kalera ateratzeko zailtasunagatik". Halere, jolas batzuk kanpoan egitea aurreikusten du Altzelaik. Ohiko udalekuei "beste ikuspuntu bat" ematen diete, modu horretan, Dokekoek.