Mikel Loiti: "Hemen errotuago dago furgonetan bidaiatzea"

Jone Olabarria 2021ko uzt. 16a, 15:35

Paraje ikusgarri batean geratu eta gaua bertan pasatzea ikaragarria dela uste du Loitik: "Hurrengo egunean esnatu eta bistaz gozatzea plan izugarria da"

Geroz eta ohikoagoak dira furgoneta kanperizatuak errepidean. Opor sasoirako alternatiba "askeagoa" eta "naturarekin harreman estuagoa" mantentzea ahalbidetzen duela uste du Mikel Loitik. Mendiaren eta hondartzaren artean argi du zein aukeratu, baina bost izarreko hotelaren eta furgonetaren artean "zailtasunak" dituela aitortu du.

Zer eduki behar du kanper batek eroso bidaiatu ahal izateko?

Tamainaren araberakoa da, baina eserleku birakariak, mahai osagarria eta kalefakzioa bai. Gainontzekoak, ba, aurrekontuaren araberakoak dira; sabaia jarri edo ez, esaterako, aurrekontuan asko eragiten duen faktorea da.

Uste duzu furgonetarena moda bat dela edo errotuta dago?

Euskal Herrian errotuago dago beste leku batzuetan baino, hemen bagaude mendiarekin eta naturarekin inguratuta bizitzera ohituta. Pandemiak ere aisialdi eredua aldatu egin duela iruditzen zait.

Furgonetarekin joateko leku bat?

Hemen gertuan Arantzazura joatea gomendatuko nuke, eta, urrunago, Pirinioetara.

Hortaz, mendizalea izango zara.

Gustatzen zait; hondartzara joatea baino gehiago bai, behintzat.

Gurera datorrenari zer gomendatuko zenioke?

Hemen mendi inguru ederrak ditugu. Arantzazura joan eta bertako parajeaz gozatzeko esango nioke, mendi buelta batzuk egin, edo, bestela, Gorbeia ingurura joatea. Aukera politak ditugu kanperraz gozatzeko Debagoienean bertan.

Bost izarreko hotelaren eta kanperraren artean, zer nahiago?

Ez dakit zer esan. Kanperrak ematen duen askatasuna asko baloratzen dut: paraje ikusgarri batean geratu eta bertan lo egin; eta hurrengo egunean jaiki eta dagoen bista hori izugarria da. Hotelean lo egitearena ere erosoa da, dena eginda. Lekuen eta planen araberakoa da, nire ustez.

Furgonetan bidaiatzearen okerrena?

Ez diot alde txarrik ikusten; zerbait esatekotan, tamaina. Tamaina aldetik, horrelako bolumena duen ibilgailu batekin eguneroko bizitzan mugitu eta aparkatzea ikusten dut zailago.

Gazteak ala familiak dira furgonetazaleenak?

Egia esanda, denetik. Azken Berlingo familia bati entregatu diogu. Eguneroko bizitzarako nahi zuten; ez oso handia, astean zehar erabili ahal izateko, eta asteburu-pasa joateko aukera ematen diena ere bai.

Interneten ere bazabiltzate...

Sareetan argitaratzen ditugu nobedadeak, garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak