Kirol arloan urte ona ARTrendako, ekonomikoan "zaila"

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 14a, 12:37

Arrasate Rugby Taldeak atzo egin zuen batzar orokorra. Zuzendaritzako kide Ramon Barrutiak azpimarratu zuen kirol arloan urte ona izan dela, klubeko jokalariak eta kluba bera pandemia egoerara egokitu –Ordiziarekin hitzarmena eginda, esaterako– eta ligak lehiatu ahal izan dituztelako. Ekonomikoan, berriz, "urte zaila" izan da. Eta hor, zeresan handia izan du Garagargo Azoka egin ezin izanak.

"Ezohikoa eta zailtasunez beterikoa". Halaxe definitu zuten atzoko batzar orokorrean 2020-2021 denboraldia, Covid-19aren pandemiak dena baldintzatu duelako. Txikiak izan badira ere, arlo ekonomikoan galerekin amaitu du ekitaldia Arrasate Rugby Taldeak, 1.000 euro baino zertxobait gehiagoko diru-galerekin, hain justu ere.  Orotara 40.000 euro pasatxo gastatu ditu 2020-2021 denboraldian ART-k , kopururik handiena entrenatzaile eta monitoreen nominetara (22.783 €) eta jokalarien fitxetara (8.596 €) bideratutakoa.  Diru-sarrerak, aldiz, 39.224 eurokoak izan dira.  Hemen pisurik handiena jokalariek kuotek izan dute, 13.069 eurorekin.  Diru-laguntza publiko zein pribatuekin 11.000 euro pasatxo ingresatu ditu ART-k, eta azpimarratzeko moduko diru-iturri ere izan da bazkide-laguntzaile txartelak eta loteriarekin irabazitakoa (4.697 €), hala nola klubeko materiala eta garagardoarekin (3.442 €) lortutakoa.

Arlo ekonomikoan urte zaila izan da ARTrendako, halaxe definitu zuen Ramon Barrutia buru duen lantaldeak urtea, eta horretan berebiziko garrantzia izan du Garagardo Azoka egin ez izanak, aurreko ekitaldietako diru-iturri nagusia izan da-eta.  "Zorionez, gure babesleen laguntzari esker, eta marketineko taldeak burututako ekimen berrien bitartez, kalte ekonomiko hori murriztu ahal izan dugu".

2021-2022 ekitaldirako ia 60.000 euroko aurrekontua finkatu du Zuzendaritza Batzordeak, "kirol arloan klubak bizi duen une gozoari garrantzia emate aldera", arlo horretan gastuak handituz.  Zentzu honetan, gastu horri aurre egiteko, Arrasate Errugbi Taldeko agintariek ezinbestekotzat jo dute XXII. Garagardo Azoka egitea.

Kirol arloan balantze positiboa

Kirol arloan lortutako emaitzekin "oso pozik" agertu dira Zuzendaritza Batzordeko kideak.  Senior mailako jokalarien erdiak lehiatzeari uko egitearen ondorioz Ordiziarekin elkarkidetza hitzarmena sinatzea adostu zutela azaldu zuten batzarrean eta, honen baitan, lehen taldeak 13 partidu jokatu ditu, denboraldia laugarren postuan amaituz.

Emakumezkoen taldeak emandako lehenengo urratsak ere ekarri dituzte gogora, etorkizuneko oinarriak finkatzen ari direla azpimarratuz.  "18 urtez azpikoetan izan ditugu lau jokalariak Ordiziarekin aritu dira, eta horietatik hiruk Euskal Selekzioarekin lehiatu dute Espainiako Txapelketan", gaineratu zuten.  16 urtez azpikoetako 12 jokalarik formatu txikiko lehiaketan jokatu dute, eta 14 urtez azpikoetan zein Errugbi Eskolan burututako entrenamendu saioak ere positiboki baloratu dituzte, hala nola errugbi inklusiboko lau lansaioak ere.  Azkenik, klubeko historian aurreneko aldiz, Morgana Via eta Ane Rincon emakumezkoen Euskal Selekziarekin aritu izana ere ekarri zuten gogora.

Esku artean dituzten zenbakien arabera, Arrasate Errugbi Taldeak datorren denboraldian 132 jokalari izango ditu orotara, seniorretan ia segurua da talde propioa izango dutela eta emakumezkoetan partekatutakoa aurreikusten dute.  Testuinguru honetan, azpimarratu zuten inguruko ikastetxeetan errugbiaren sustapena berreskuratzea klubaren biziraupenerako oinarrizko erronka dela.  Klubeko webgune eta irudi korporatibo berriak, bazkide berriak erakartzeko kanpaina edota beteranoen parte-hartzea sustatzeko ekimenak ere izan zituzten berbagai batzarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak