Carlos Guzman: "Espainiako monarkiaren kontakizuna desmuntatu gura izan dut"

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 14a, 11:12

Carlos Guzman.

¿Por que no te callas? El descenso a los infiernos de los Borbones izeneko liburua aurkeztuko du bihar, eguena, Carlos Guzman iruñarrak Debagoieneko Ezkur Kultur Gunean (Arrasate, Aldai kalea, 9). 19:00etan izango da saioa, Ezker Anitza Debagoienak antolatuta, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da, hemen.

Zer dela eta erabaki zenuen liburu hau idaztea?

Iazko udan, Espainiako errege familiari buruzko eskandaluak argitara ateratzen hasi zirenean, iritzi artikulu bat idazteko ideia izan nuen. Gerora, ordea, luzatzen joan nintzen eta artikulu bat baino gehiagorako ematen zuela konturatu nintzen. Azkenean, liburu hau izan da emaitza.

Zer kontatzen duzu? Zein da mezua?

Espainiako monarkiaren azken 40 urteetako erregealdiaren dekonstrukzio politikoa egitea gura izan dut, hau da, monarkiak prentsa-oharren, komunikatuen eta abarren bidez egiten duen kontakizun ofiziala desmuntatzea.

Zer nabarmenduko zenuke kontakizun horretatik?

Inkoherentzia da azpimarratuko nukeen ideia. Hau da, errege familiak manifestatu izan duena eta egin izan duena ez datoz bat. Ikusi dugu azken hamarkadetan saldu izan zaigula estatuko instituzio erabilgarri, demokratiko eta garden moduan. Baina, urteen poderioz, ikusi dugu ez dela ez erabilgarria, ez demokratikoa eta ezta gardena ere.

Monarkia eredua salatzen duzu, beraz.

Errepublikaren aldeko alegatua da liburua. Monarkia eredua desmuntatu gura izan dut, Espainian eredu aldaketa bat sustatuz.

Apirilaren 14arekin bat eginez aurkeztu zenuen liburua.

Halaxe da. Argitaletxearen ideia izan zen Espainiako Bigarren Errepublikaren urteurrenarekin batera publikatzea online. Egun batzuk geroago, liburu-dendetan jarri genuen salgai.

Iruñean liburua aurkezteko egindako ekitaldi batean, Carlos Guzman, Aritz Rodriguez prologo-egilearekin batera.

Ze harrera izan duzu orain arte?

Oso ona, egia esan. Jende askori arreta piztu dio izenburuak, nahiko lotsagabea delako, eta orain arteko erantzunak onak izan dira. Aurkezpen gutxi egin ahal izan ditut, pandemia dela eta, baina geroz eta leku gehiagotatik deitzen ari zaizkit, eta gaiak interes publiko handia duela iruditzen zait.

Bihar Arrasaten izango zara.

Bai. Ezker Anitzako kideen deia jaso nuen eta plazer handiz onartu dut eskaintza, noski.

Nola animatuko zenuke jendea zure liburua irakurtzera?

Aste honetan bertan jakin dugu Juan Carlos I.aren ondasunaren jatorria. Monarkia espainiarraren kontakizunari buruz gehiago jakin gura duenak, liburu hau irakurri behar da. Modu ironiko eta entretenigarrian dago, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak