Euskarazko zirkua egitea ez zen batere ohikoa duela gutxi arte. Gure zirkua proiektua mugarria izan da eginkizun horretan, eta bertan bat egin zuten artistek ikusi dute hemen ere posible dela "hobbya ogibide duin" bilakatzea. Horren adibide da, hain justu, ekimen horretan akrobata lanak burutu zituzten Irati Gonzalez eta Koldo Arakistainen kasua. 2019ko azaroan, Karrika plataformako finalistak izan ostean, Berdinki zirku konpainia eratzeko dirulaguntza jaso zuten, Gonzalezen esanetan, "pieza txikiak egitetik adierazpen sakonagoetara" pasatzeko.
"Pandemiaren krisia gaindituta eta iaz emanaldi batzuk eginda", Mikra izeneko euren lehen obrarekin hamar saio egin zituzten ekainean. Orain Arrasatera etorriko dira, "jendeari gustatu" zaion numeroa aurkeztera: "Teknikari mezua eransten diogu akrobazia, dantza eta antzerkiarekin; bisualki iruditegi berri bat sortzea da helburua, gorputz adierazpenak grabatutako soinuekin indartuz".
Berdintasunaren bila
Iruditegi berri hori bizitzan zehar ikasitako estereotipo, genero-rol eta etiketak zalantzan jarriz eraiki nahi dute: "Bi motatako akrobatak daude, oinarria jartzen dutenak eta arinak direnak; bereizketa hori, ordea, ez dator bat artista bakoitzaren izaerarekin, eta ideia polita iruditu zitzaigun kontraesan horrekin jolastea", dio Gonzalezek.
Genero harremanetan oinarritutako desberdintasunak plazaratzeaz gain, hizkuntza ezberdinetan adierazten diren akrobazien berri ere emango dute, dramaturgian eta generoan adituak diren sortzaileen laguntzaz ondutako emanaldian.
Udazabalen hurrengoak
Datorren eguenean, hilak 14, Usaetxe plaza izango da Udazabal egitarauko protagonisten agertokia. Julen Alonso trikitilariak Sutan dantzan diskoko kantuak eskainiko ditu, musikari eta dantzari ugari alboan izango dituela. Eñaut Zubizarreta Trigger ere igoko da oholtzara. Eskoriatzarrak biolontxeloaren bidez sortzen ditu abesti propioak; gehiago jakiteko, aste honetako Puntua aldizkariko Gure artistak atalak dakar musikariari eginiko elkarrizketa.