Eneko Carrascalek arratsaldean ekingo dio Europako txapelketari

Hasier Larrea 2021ko uzt. 8a, 15:41

Jauzi hirokoitzean eta luzerakoan parte hartuko du Tallinn-en, 23 urtez azpiko kategorian. Gaur, 19:00etan, izango du lehen hitzordua, luzerako jauzian finalean sailkatzen saiatuko baita. Zuzenean jarraitu ahalko da Eurovisions sport kanalaren bitartez.

Junior eta maila absolutuaren arteko kategorian, 23 urtez azpikoan, egokitu zaio azken hiru denboraldietan Eneko Carrascal atleta arrasatearrari lehiatzea. Ibilbide horri amaiera bikaina eman nahi dio asteburu honetan Europako txapelketan: "Aurten, aurrerapausoa eman dut, oso ondo nago gorputzez eta buruz, eta ea oporretara zapore onarekin joatea lortzen dudan". 20 eta 18 urtez azpikoetan parte hartua dauka Europa mailan, baina lehen aldia du 23 urtez azpikoetan.

Realeko jauzilaria Espainiako selekzioak hautatua izan da, eta Tallinnera (Estonia) joateko baldintzak bete ditu aurten, Donostian lehia ofizialean marka minimoak gainditu eta Espainiako txapelketan sasoi onean zegoela erakutsita; hain zuzen, urrea eskuratu zuen jauzi hirukoitzean (16,02 metro) eta brontzea luzera-saltoan (7,44 metro). Baina horiek ez dira Carrascalen markarik onenak, martxoan Madrilen 16,14 metroko jauzi hirukoitza eta maiatzean Donostian 7,73 metroko luzerako jauzia egin baitzituen.

Hala, bi modalitateetako finaletarako sailkatzen saiatuko da; gaur arratsaldean da jokatzekoa luzerako sailkapen proba, eta finala bihar jokatuko da, 18:30ean. Salto hirukoitzeko lehen fasean, berriz, zapatu eguerdian hartuko du parte, eta finala domeka goizean lehiatuko dute. Bi finaletan egon nahi du, eta hori lortzen badu, "hamabi finalisten artean zortzigarren postutik aurrera" sailkatzen saiatuko da.

Datorren denboraldian, berriz, maila absolutuan, "markak hausten dabiltzan atletekin" lehiatuko da arrasatearra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak