Dagoeneko hasia da martxa hartzen proiekzio handiko bandak eta herriko musikariak uztartzeko apustua egin duen Udazabal kultura egitasmoa. Hilaren 7an, arratsaldeko zazpietan, elkar ezagutzen duten bi emakumek norberaren dohain artistikoak erakutsiko dituzte ikusmin handia sortu duen kontzertuan.
Monterrongo hitzordurako sarrerak agortu egin dira dagoeneko, eta ez da gutxiagorako. Skakeitan taldean teklatua joz eta koruak abestuz zaildutako Olatz Salvadorrek zazpi urte daramatza bakarkako ibilbidea jorratzen; geroztik, bi disko eta makina bat saio eskaini die jarraitzaileei. 2018an Zintzilik estudioko lehen lana kaleratu eta musikari berriak alboan zituela eman zuen urtarrilean Aho uhal kaleratzeko jauzia. Nahiz eta urte batzuk pasa diren oholtza gaineko lehen agerralditik, "duela gutxi" hasi zen musikara "bete-betean dedikatzen". Argi dauka diziplina artistiko hori egin nahi duela bere bizibide, nahiz eta kontziente den sorkuntzatik harago doan lana dela: "Ordenagailuaren aurrean ordu mordoxka sartzea tokatzen zait, kudeaketa-lanak egiten".
2019AN 'AUSORTU' SORMEN TAILERREAN EZAGUTU ZUTEN ELKAR, SALVADORREK GIDATUTAKO SAIOAN
Talentua borborka
Garazi Barrena, aldiz, aurten azaldu da lehen aldiz publikoaren aurrean. Arrasatearrak gitarra eta piano doinuz josten ditu tokian tokiko zein kanpoko kantu ezagunak. Aberri egunean, AGAKOren urteurrenean, ostalarien Seberreko terrazan eta The Potesen lan berriaren aurkezpenean erakutsi zuen proiekzio handiko abeslaria ere badela. "Gustu irekia" duela-eta, ez da estilo konkretu batera mugatzen, eta, ohi duen bezala, bere bakarkako saioak "beste musikari batzuen kolaborazioak" ere izango dituela aurreratu du.
Bi sortzaileek topo egingo duten bigarren aldia izango da, Ausortu ekimenean izan baitzuten elkarren berri, 2019an, Salvadorrek eskainitako tailerrean.
ESTREINALDI BEROA
Udazabal egitarauari eguaztenean ekin zioten 14 urteko Izadi artista arrasatearrak eta euskara flamenkoarekin nahasten duen Sonakay talde donostiarrak. Aldaiko karpara gerturatutakoek arratsalde ederra pasa zuten bakarlariaren lehen emanaldia eta boskotearen fusioz betetako errepertorioa bertatik bertara ikusi eta entzuten.