Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere Udazabal egitarauan tokia izango du 2000. urtean sortutako Big Band taldeak. Herriko zein bailarako 23 musikari azalduko dira agertokira, blues, swing, latin, bossa eta funk estiloak jorratzeko. Musika tresnen artean, tronboi, tronpeta, saxo, piano, gitarra, bateria, perkusio, baxu eta ahotsaren melodia eta erritmoak entzuteko aukera izango dute emanaldira gerturatzen direnek, Zigor Martinez zuzendariaren gidaritzapean.
Musika eskolei aitortza
Ikusleen artean gonbidatu bereziak egongo dira, Gasteizen egoitza duen Musicos Sin Fronteras elkarteko bi kidek jarraituko baitute kontzertua bertatik bertara. Euren eginkizunetako bat da munduan behar handien dutenei musika tresnak banatzea, eta bailarako musikari zein musika eskolak bidelagun izan dituzte azken bi urteetan. Zigor Martinez bera arduratu da zubi-lanak egiteaz: "Instrumentu zaharrak batu ditugu han eta hemen, eta Arrasateko Udalak biltegi bat utzi digu horiek gordetzeko. Uztailean Siriara eta Irakera bidaliko dituzte MSF-koek, hango emakumeek tresnak jotzeko aukera izan dezaten".
Beraz, elkarte horretako kideek emanaldia aprobetxatuko dute proiektuan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei publikoki eskerrak emateko.
Goiena telebistan
Aitortza hori eta Big Band taldearen kontzertu osoa Goiena telebistak grabatu eta hilaren 9an emitituko du, gaueko bederatzietan eta hamaiketan. Goiena.eus-en ere ikusi ahalko da.