Josu Tornay hirugarren, Beteranoen Euskal Herriko Xake Txapelketan

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 1a, 11:39

Lurralde bakoitzeko bi sailkatuek, iazko txapeldunak eta Euskal Federakuntzak gonbidatutako jokalari batek parte hartu zuten. "Faborito nagusia Gerardo Fernandez bilbotarra zen. Maisu Kandidatu titulua dauka eta 2200 elo inguru. Ni, nahiz eta Gipuzkoako Txapelduna izan, hamar sailkatuen artean seigarrena nintzen rankinean", azaldu du Tornayk. Gerardo Fernandez bilbotarra izan zen txapeldun eta Jose Angel Besga portugaletetarra, bigarren. 

Hala eta guztiz ere, lehen txandan Gerardo Fernandezen kontra jokatu zuen arrasatearrak eta, "oso partida ona eginda", irabazi egin zion. Bigarren txandan, Jose Angel Besga beste bizkaitarraren kontra jokatu zuen eta hori ere irabazi egin zuen Tornayk. Gauzak horrela, hirugarren txandan dagoeneko torneoko liderra zen eta gainera, bi faborito nagusiak gaindituta. "Baina hirugarren txandan Mariano De Pablos nafarren aurka posizio oso on bat ez nuen aprobetxatu txapelketa ia erabakita lagatzeko eta bakarrik berdinketa lortu nuen. Horrela, zapatuko txandak bukatu ziren. Ni oraindik lider, baina azken partidarekin apur bat ikututa", azaldu du.

Txapelketako bigarren egunean, domekan, bi partida gehiago jokatu behar zituzten eta Tornayk nahikoa zituen 1,5 puntu titulua eskuratzeko. "Goizeko partidan gainera irabazteko posizioa lortu nuen eta gogor saiatu nintzen laugarren txanda horretan torneoa erabakita lagatzen. Baina denboraz gaizki ibili nintzenean abantaila galdu nuen eta aurkariak berdinketa eskaini zuen. Nik arriskatzeko erabakia hartu nuen. Erabaki txarra izan zen, berdinketa hor onartuta, azken txandan nire eskutan egongo litzatekeelako txapela irabaztea. Jokaldia txarto irten zitzaidan eta partida galdu nuen. Azken txandan erraz irabazi nuen, baina txapelketa dagoeneko nire eskuetan ez zegoen eta Besgak eta Fernandezek ez zuten euren partidetan huts egin". Elgoibarko Txarriduna Hotelean jokatu dute txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak