Artgazkiren sanjuanetako lehiaketak baditu irabazleak

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 30a, 16:43

Lehen, bigarren eta hirugarren argazki onenak.

Benjamin Ramosen argazkia izan da onena, San Juan argiztatu zen unean ateratako argazki batekin. Ricardo Santa Cristinarena da bigarren argazki onena eta Aimar Elortzarena, hirugarrena. Argazki originalena Jon Alzarena izan da. 25 argazki aurkeztu dituzte lehiaketan.

Anibal Carmona izan da epaimahikideetako bat, eta azaldu duenez, "oso argazki gutxi" aurkeztu dituzte. "Ez dira asko izan ekitaldiak eta gainera, hasierakoak bertan behera utzi zituzten euriagatik. Ekitaldi horiekin zerikusirik ez zeukaten argazkiek ere balio zuten arren, ez da parte-hartze handirik egon". Carmonaz gain, Alfredo Losadak eta Sergio Crespok osatu dute epaimahaia. 

Argazki onenak

Benjamin Ramosena izan da argazki irabazlea. "Eguzkiak San Juan argitzen duen momentua jaso duen argazkia aukeratu dugu. Udako solstizioa momentu berezia izaten da eta jende asko zegoen mugikorrarekin grabatzen. Ramosek hori baliatu zuen bere argazkia egiteko eta oso desenfoke polita dauka", dio Carmonak.

Bigarren sailkatu den argazkia Ricardo Santa Cristinarena da. "Santa Barbara ingurura doazen hiru neska ageri dira, eta oso esanguratsua da argazkia. Aurtengo sanjuanak ondo laburbiltzen ditu, bakoitzak bere erara ospatu dituela, alegia".

Aimar Elortzarena da hirugarrena. "Baxu baten lehen planoa da, sanjuanetan egon den musika arloari erreferentzia egiten diona".

Argazki originalena, azkenik, Jon Alzarena izan da: Mozalik ez! baina musukoa bai!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak