'Udan, planik bai?' lelopean, askotariko eskaintza Arrasaten

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 30a, 11:22

Galarrako kobara egindako bisita gidatuetako bat.

Herria ezagutzeko bisita gidatuak eta mendi ibilbideak eskainiko ditu Udalak asteburuero. "Uztail eta abuztu bitartean, esaterako, bisita gidatuak egongo dira aukeran zapaturo Arrasateko historiaren, industriaren eta eraikin garrantzitsuenen inguruan. Arrasateko ingurune naturala ezagutzeko, mendi irteerak egingo dira domeketan, uztailean hasi eta irail bitartean". Izena emateko, hiru bide daude: 943 25 20 00 telefonora deituta, udal webgunean edo BAZen.

Udal Gobernuak azaldu duenez, helburua da herriko ondare historikoaren zein naturalaren balioa nabarmentzea eta hura ezagutzera ematea, "baina, aldi berean, herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea, herritarrei zein bisitariei planak eskainiz Arrasate ezagutu dezaten eta, horren bitartez, tokian tokiko kontsumoa bultzatzea".

Bisita gidatuez eta mendi ibilaldiez gain, askotariko eskaintza egongo da herrian. Hala, Udazabal programaren baitako emanaldiez gain, uztailaren 17an, hilaren hirugarren zapatuan, tokiko produktuen azokarekin batera, Txakolin Eguna egingo dute, eta irailean, aukeran egongo dira Kulturate Akustikoa, Mondran Bike eta Besaide Eguna. Urriaren 12an, halaber, Udalatx Eguna ospatuko da.

Bisita gidatuei dagokienez, hau da eskaintza:

Uztail eta abuztu bitartean, zapatuetan, hainbat bisita eskainiko dituzte, Herriko Plazan abiatuta. 10:30ean euskarazko saioak izango dira eta 12:00etan, gaztelaniazkoak.

Era beran, irailaren 18an, bisita gidatu berezi bat egingo dute Arrasateko udaletxea eta haren historia ezagutzeko, 10:00etan euskaraz eta 11:00etan gaztelaniaz. Abiapuntua, kasu honetan ere, Herriko Plaza izango da.

Mendi ibilbideak (uztailean, abuztuan, irailean):

Uztailaren 11n, domeka, Galarrako kobara joateko aukera egongo da, Meatzerreka elkarteko aparkalekuan hasita (09:00etan euskaraz eta 11:00etan gaztelaniaz). "Mendi ibilbide hau egiteko, ezinbestekoa izango da kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna edo linterna frontala eroatea. Horrekin batera, eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropa aproposa eroatea (tarte motz batean lurrean arrastaka ibili beharko da)".

Uztailaren 18an, domeka, Kanpanzar-Lurgorri-Udala ibilbide zirkularra egingo dute, 09:00etan Herriko Plazan irtenda. "Eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea".

Uztailaren 25ean, domeka, Ipar Martxa egiteko aukera egongo da, Arrasate-Oro-Arrasate, 10:00etan Herriko Plazan hasita. "Gomendagarria da Nordic Walking-eko makilak eroatea. Materialik ez duenari utzi egingo zaio. Kirol teknikoa da eta, horregatik, eskatzen da parte-hartzaileak sasoi onean egotea, baita teknikaren berri jakitea ere".

Abuztuaren 8an, domeka, PR-GI 96 Udala-Besaide ibilbidea egingo dute, 10:00etan Udalako goiko aparkalekuan hasita. "Eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea".

Irailaren 5ean, domeka, Galarrako kobara joango dira berriro, eta abiapuntua Meatzerreka elkarteko aparkalekua izango da (09:00etan euskaraz eta 11:00etan gaztelaniaz). "Mendi ibilbide hau egiteko, ezinbestekoa izango da kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna edo linterna frontala eroatea. Horrekin batera, eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropa aproposa eroatea (tarte motz batean lurrean arrastaka ibili beharko da)".

Irailaren 12an, domeka, PR-GI 91 Erregebidea-Bedoña ibilbidea egingo dute, 10:00etan Herriko Plazan hasita. "Eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea".

Azkenik, "norberak, bere kabuz eta bere kasara Arrasate ezagutu gura izanez gero", Udalak erdigunean dauden ibilbideak gomendatu ditu, "hala nola Erdi Aroko ibilbidea, arnasguneak eta industria ondarearen ibilbidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak