Mikel Lasa beteranoetan bigarren, Galiziako Ironman distantziako triatloiean

Hasier Larrea 2021ko eka. 29a, 10:49

Mikel Lasa, domekako Ironmanean.

10 ordu, 24 minutu eta 52 segundotan lortu du 226 kilometroko lasterketa burutzea. Denbora horrekin 25. sailkatu da nagusian, eta bere aurretik beterano bakarra helmugaratu da. Antxintxikako triatleta aurten bigarren aldiz igo da podiumera. 

As Pontes lakuaren inguruan egiten den Galiziako Northwest Triman lasterketaren 7. aldian parte hartu du asteburuan Mikel Lasa Erle triatleta arrasatearrak. Distantzia luzeko proba egin du: 3,8 kilometro igerian, 180  bizikletan eta 42 korrika. Bere kategorian, beteranoetan, Ramon Arias Garciak bakarrik lortu du marka hobea egitea, ondorioz, podiumeko bigarren koskara igo da Lasa.

Beste hiru Ironman ere eginda dauzka, Gasteizen, Lanzaroten eta Katalunian: "Proba gogorrak direnez, denborarekin prestatu behar dira; ez da komeni halako lasterketa bat hiru hilabetetan prestatzea, progresiboagoa da prestaketa, burua asko erre daiteke-eta".

Triatloi erdia egitera animatu zen duela urte batzuk Zarautzen, eta gustatu zitzaionez, erronka berrien bila joan zen: "Alpe d'Huez-eko proban ikaragarri disfrutatu nuen, eta horrek lehen Ironmana egiteko indarrak eman zizkidan". Hala, 2015ean Gasteizeko Ironmana egiteko pausoa eman zuen.

Gosaria bere kontu

Antxintxikako korrikalarien usadioa da podiuma egiten duenak hurrengo egunean taldekideak gosaltzera gonbidatzea. Hala, denboraldi honetan bigarren aldiz tokatu zaio Lasari, Euskadiko Duatloi proban hirugarren sailkatu baitzen: "Normalean Iñigo Altzolak gonbidatzen du, baina aurten ez da bakarra izaten ari".

Datozen probei buruz galdetuta, distantzia erdiko lasterketetan parte hartuko du epe laburrean, "denbora asko kentzen duelako halako proba luzeak prestatzeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak