Txosnagunetik irten da manifestazioa. Urtero egiten duten moduan, sanjuanen bueltan, euskal presoen aldeko manifestazioa egin dute.
Herriko kaleak zeharkatu ostean, Seber Altuben bukatu da manifestazioa. Han, antolatzaileek, preso politiko, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria irakurri dute. Gogoan izan dute urte hasieran Kepa Arkauz arrasatearra atxilotu zutela; eta, gaur egun aske dagoen arren, "baldintzapeko askatasunean" jarraitzen duela gogorarazi dute. "Baina ez da dena txarra izan. Azaroaren 23an Josu Arkauz Arrasateko kaleetara itzuli zen", gehitu dute. Arkauzek 38 urte egin zituen Arrasatetik kanpo; horietatik 29 espetxean.
Gogoan izan dute, baita ere, Unai Parot, 31 urte espetxean daraman presoa. "Leonera lekualdatu dute. Mugimendua positiboki baloratzen dugun arren ez da nahikoa. Etxean, aske behar dute", adierazi dute. Eta, baita, Arbe eta Peixote. Lehenengoa Venezuelan dago deportatua; eta, bigarrenak 53 urte daroa herritik kanpo.
Manifestazioa amaitzeko, "afera honi" bukaera emateko eskatu dute: "Ea datorren urtean ez dugun Arrasateko ohe hutsengatik mobilizatu beharrik".