Espainiako 23 urtez azpiko txapelketak egin dituzte asteburuan Malagan, eta Eneko Carrascal arrasatearra eta Alex Agiriano eskoriatzarra bertan izan dira. Salto hirukoitzeko proban lehen postua eskuratu du Eneko Carrascal Real Sociedad taldeko arrasatearrak (16.02). Proba berean, Alex Agirianok, Arrasate Atletico taldeko eskoriatzarrak, seigarren postua lortu du (15.26).
Luzera-saltoan laugarren postuan amaitu du proba Eneko Carrascalek (7.44), bosgarrenean Alex Agirianok (7.27). Hala ere, proba hirugarren tokian amaitu duen Alberto de Oliveirak espainair nazionalitatea ez zuela eta, ez da sailkapen ofizialean sartu, eta modu horretan podiumera igo eta brontzezko domina eskuratu du Carrascalek.
Ibai Fernandezek ere Espainiako txapeldun postua eskuratu du 4x100 errelebotan, Real Sociedad taldearekin.
